AEBak Iranen aurka hartuko dituen neurriak aztertzen hasi dira, ustez, AEBetako lurretan, Saudi Arabiako enbaxadorearen aurka eta Israelgo ordezkaritzaren aurka prestatzen ari ziren atentatuengatik. Errepresaliak gogorra izango direla ohartarazi dute. «Ez dugu neurririk baztertzen. Egin dutena lotsagarria da, eta erantzun egin beharko dute», adierazi du Joe Biden AEBetako presidenteordeak.
NBEren Segurtasun Kontseilura joko du Washingtonek Iranen aurka egiteko. Herrialdea nazioartean bakartu nahi dute. Hain zuzen, Iranen aurka esandakoak ongi arrazoituta daudela argitzeko, diplomazia guztia lanean jarriko duela adierazi du Hillary Clinton AEBetako estatu idazkariak. Baina Clintonek ziurtzat jo du ustezko atentatu saiakerak Iranen aurka neurriak hartzera bideratuko duela nazioartea. «Orain arte euren ardurak bete ez dituzten herrialdeek presio handiagoa izango dute», gaineratu du.
Catherine Ashton EB Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi mandatariak ere AEBetan atentatuak egiteko ustezko konplota «oso larria» dela dio. Gertakaria egiaztatuko balitz, Iranek nazioarteko legedia hautsi duela agerian geratuko litzateke Ashtonen hitzetan, eta horrek ondorioak izango lituzke.< >
Arabia Saudi kezkatuta
Bestalde, Turki al Faisal Saudi Arabiako printzeak Washingtonek Iranen aurka aurkeztu dituen frogak nabarmenak direla adierazi du, eta Teheranen «erruduntasuna» agerian geratzen dela. Iranek ordaindu beharko duela gaineratu du.
Bien bitartean bere aurkako salaketa oro gezurtatu du Iranek. Etorkizunean bere aurka zurrumurru faltsuak zabaltzeagatik AEBek barkamena eskatu beharko dutela mehatxu egin du Teheranek.
Irango Segurtasun Indarrekin lotutako bi gizon ari ziren atentatuak prestatzen, Washingtonen arabera. Horietako bat duela hilabete atxilotu zuten, eta bestea Iranen dagoela uste dute.
Iran prestatzen ari zen ustezko atentatuagatik AEBak zigorrak aztertzen ari dira
NBEko Segurtasun Kontseiluan nazioartea Ahmadinejaden aurka jarri nahi du Washingtonek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu