IRAN . Teheranek ohartarazi du ez duela presiorik onartuko

Teheran Segurtasun Kontseilura eramateko sostengu bila dabil nazioartea; horien jarrera salatu du Iranek

Erredakzioa
2006ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Nazio guztiek dutela teknologia nuklearra garatzeko eskubidea adierazi zuen atzo Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek. «Herrialde honek ez du arma nuklearren beharrik, arazoak indarraren bidez konpontzen dituztenek soilik dute horien beharra». Ez duela nazioartearen presiorik onartuko ohartarazi eta ikerketa nuklearrarekin jarraitzeko asmoa duela iragarri zuen Irango presidenteak.

Iranen eta nazioartearen arteko harremanek okerrera egin dute azken asteotan, itxita zeuden bi zentral nuklear irekitzea erabaki duelako Teheranek. Nazioartea eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia beldur dira ez ote dituen bideratuko ikerketak arma nuklearrak egitera. Ondorioz, lanekin jarraitzen bazuen NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura joko zutela ohartarazi zioten AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak Ahmadineiadi. Ameriketako Estatu Batueknazioarteko hainbat agintarirekin hitz egin zuten atzo, kasua Segurtasun Kontseiluaren esku uzteko beharrezko sostengua jasotzeko asmoz. Datorren astelehenean, berriz, AEBetako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Frantziako ordezkariak Errusiako eta Txinako arduradunekin dira biltzekoak, IAEAren bilera berezia egingo duten aztertzeko. Bilera horretan erabakiko dute Iran Segurtasun Kontseilura eramango duten ala ez.Errusia eta Txina Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak dira. Bi herrialdeek Irango ikerketa nuklearra kritikatu duten arren, ez daude prest kasua NBEra eramateko. Txinak NBEn duen enbaxadore Wang Guangyak herenegun azaldu zuenez, kasua NBEra eramateak egoera okerragotu dezake. Halakorik eginez gero IAEAko begiraleei ateak itxiko dizkiela ohartarazi zuen herenegun Teheranek.

Eraso militarrik ez

Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi arduradun Javier Solanak baztertu egin zuen Iranen kontrako operazio militarrik bultzatzea. «NBEko Segurtasun Kontseiluaren bilerara deitu nahi izateak ez du esan nahi Iranekiko negoziazioak bertan behera utziko ditugunik».

Ahmadinejadek, berriz, arazoak eztabaidaren bidez konpontzearen aldekoa zela esan eta «Erdi Aroko proposamenak egitea» leporatu zion nazioarteari. «Besteen kontrako gerrak bultzatuz bakea beren kabuz lor dezaketen agintariak oso oker daude. Irango nazioaren eskubideak suntsitu nahi dituzte, baina ez dute lortuko nahi dutena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.