Iranek Al-Assad babestu du Egiptorekin eta Turkiarekin izandako bileran

Aitzinetik baldintzak paratzeak konponbidea «ahuldu» egiten du Ali Akbar Salehi Atzerri ministroaren iritziz

Erredakzioa
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
«Al-Assaden uko egitea desadostasunerako puntu bat izan zen atzoko [herenegungo] bileran», adierazi du Ali Akbar Salehi Irango Atzerri Ministroak, Egiptoko eta Turkiako Atzerri ministroekin Kairon izandako bilkurari buruz. Siriako oposizioko talde armatuek, SNC Siriako Kontseilu Nazionala erakunde politikoak, inguruko herrialdeek — batez ere, Persiako golkokoek eta orain Egiptok—, eta Mendebaldeak boterea uzteko exijitzen diote Baxar al-Assad Siriako presidenteari; baina Salehiren ustez, aitzinetik baldintzak paratzeak konponbidea «ahuldu» egiten du. Iranek, Egiptok, Turkiak eta Saudi Arabiak Siriarako harremanetarako talde bat osatu dute. Azken bileran, ordea, Saudi Arabiako ordezkaririk ez da agertu.

Lau herrialde horiek Egiptoren ekimenez sortu zuten taldea, Siriarekiko ikuspegi hagitz ezberdinak izan arren. Izan ere, Turkia eta Saudi Arabia erabat lerratuta daude Al-Assaden aurkako borrokan, eta Egipton Mohamed Mursi presidenteak ere boterea uzteko eskatu dio Siriakoari. Iran, aldiz, Al-Assaden aliatu nagusia da Ekialde Hurbilean. Hala ere, Teheranek dio «baikor» dagoela taldeak egin dezakeen lanarekin. Salehik jakinarazi du Iranek Siriako agintariekin elkartuko dela konponbiderako proposamenak bilatzeko, eta gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketak Teheranen hartzeko prest agertu da. Harremanetarako taldea berriz ere heldu den astean biltzekoa da.

Brahimi, Jordanian

Irango Atzerri ministroaren iritziz, harremanetarako taldea «une egokian» sortu da, eta «nazioartearen ahaleginen osagarri» bilakatu da. Ahalegin horien artean nabarmentu du Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatariaren misioa.

Brahimik Siriako errefuxiatuen kanpamentu bat bisitatu zuen atzo Jordanian, Amman hiriburutik 80 kilometro iparraldera. Errefuxiatuak etxera itzultzeko «irtenbide politiko bat» beharrezkoa dela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.