Iranek dio Europara petrolioa saltzea debekatzeko prest dagoela

BBCrentzat informazioa biltzen aritzea leporatuta, hainbat lagun atxilotu ditu Teheranek

Erredakzioa
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Europako hainbat herrialdeetara petrolioa saltzekodebekua onartzekotan direla jakinarazi du Iranek. Nazioarteko hainbat herrialdek programa nuklearra dela-eta Teheranen aurka hartu dituzten neurriei gogor erantzun die gobernuak, eta aurrera egiteko baliabideak dituztela dio. Mohammad Javad Karimi-Qoddousi Irango legebiltzarkidearen esanetara, prest daude Europako hainbat herrialderi esportazioak debekatzeko, Irandik petrolioa erosteko ezarri duten debekuari erantzuteko.

EB Europako Batasunak, hain justu, Irango petrolioaren bahimendua onartu zuen iragan urtarrilaren 23an. Akordioak Teheranekin petrolio kontratu gehiago sinatzea debekatzea biltzen du, eta egun indarrean daudenak uztailaren lehena baino lehen amaitzea. Bestelako zigor ekonomikoak ere onartu zituzten. Era horretan, Teheran estutu egin nahi dute, eta programa nuklearrerako finantza bideak moztu. Izan ere, azaroan IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak jakinarazi zuen Iran lanean aritu zela bonba nuklearra lortzeko asmotan.

Teheranek, baina, gogor egin du nazioartearen presioaren aurrean. Atzo bertan defentsarako 21 sistema berri martxan jarri dituztela jakinarazi zuen Ahmad Vahidi Defentsa ministroak. Teknologian aurrerapen handiak lortu dituztela gaineratu du, eta hori zigor ekonomikoak pairatu arren lortu dutela.

BBCren kazetariak

Bestalde, Teheranek jakinarazi du hainbat lagun atxilotu dituela BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoarentzat sekretuan lanean aritzea egotzita. Iranen inguruko informazioa biltzen ari zirela dio, eta horretarako BBCren eskutik «dirutza» jaso zutela. Erresuma Batuko irrati-telebista kateak, baina, Iranen langilerik ez duela jakinarazi du. 2009tik debekatuta dago BBC Iranen, hauteskundeen ostean herrialdean piztu ziren protestak bultzatzea egotzita, telebista eta irrati katea blokatzea erabaki baitzuen gobernuak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.