Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak iragarri du bere herrialdeak jarduera nuklearrarekin aurrera jarraituko duela, "batere atzera egin gabe", nahiz eta atzo IEAE Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak txosten batean salatu du Iranek arma atomikoak egiteko "azpiegitura eta teknika propioak" dituela. Hori dela-eta gaur Frantziak NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilera deitu du.
Ahmadinejadek, hala ere, esan du Iran ez dela ari arma nuklearrak egiten, eta AEBen jarduera izan du hizpide: "Gu azkarrak gara eta ez ditugu bi bonba egingo zuen [AEBen] hogei mila arma nuklearren aurka egiteko". Iranen jarduera nuklearrak "helburu baketsuak eta zibilak" dituela azpimarratu du, "herri hobe eta aurreratuago bat egiteko".
Haren ustez, IEAEk "prestigioa galdu du", txostena egitean AEBen eta mendebaldeko herrialde batzuen presioak onartzen dituelakoan. Irango buruak dio akusazioak "absurdoak" direla eta agentziari bide hori uzteko eskatu dio.