Irango egoera nahasiaren erdian, Ukraine International Airlines aire konpainiaren Boeing 737 hegazkin bat erori da Teheran hiriburutik 30 kilometrora, goizaldean; 176 pertsona zeuden barruan, bidaiariak eta tripulazioa kontatuta. Irango eta Ukrainako agintariek baieztatu egin dute hegazkinean zeuden bidaiari guztiak hil direla ezbeharrean.
Reuters albiste agentziaren arabera, hegazkinean arazo teknikoak izan dituzte aireratzen ari zirela, eta gidariak ibilgailuaren kontrola galdu du. Aurrez, Khomeini aireportuko bozeramaileak azaldu du hegazkinak lurra jo duela bere motor batek sua hartu zuelako; hegaldiak Irango hiriburua eta Ukrainakoa lotzen zituen, eta bidaia hori egiteko asmoa zuen aireratu denean. Bidaiari gehienak eskala egiten ari ziren Teheranen, eta erdiak baino gehiago atzerritarrak ziren, tartean Ukrainakoak, Kanadakoak eta Suediakoak.
Erreskate taldeak aireportuaren ingurura joan dira, hegazkinak handik gertu jo baitu lurra. Pirhossein Koulivand Ilargi Gorria osasun erakundearen buruak esan du «ezinezkoa» dela inor bizirik egotea: «Sua oso bizia da, eta ezin dugu inolako erreskaterik egin. 22 anbulantzia, lau autobus anbulantzia eta helikoptero bat ditugu lekuan», adierazi dio Irango telebista kate publikoari.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi du ari direla istripuan gertatutakoa argitzen saiatzen, baita hildakoen zerrenda osatzen ere. Aire konpainiak ez du daturik eman oraindik.
Irango agintariek ez dute gertakariaren arrazoiei buruzko informaziorik eman, eta uko egin diote hegazkinaren kutxa beltzak Boeingi emateari —AEBetako enpresa bat da—; Ali Abedzadeh Irango Abiazio Zibilaren Erakundeko buruak adierazi duenez, oraindik ez dute erabaki zer herrialderi emango dizkioten kutxa horiek, edo eurek aztertuko dituzten —objektu horiek gorde duten informazioarekin, istripuaren arrazoiak zeintzuk diren jakin daiteke—.
Berez, nazioarteko legediaren arabera, Teherani dagokio ikerketa egitea, hegazkinak bere eremuan jo duelako lurra, baina Teheranek oraingoz ez du ezer esan horren inguruan.
Ibilgailu berria
Harridura da nagusi ezbeharraren inguruan, Ukraine International Airlinesen zuzendari Yevhenii Dykhnenek adierazi baitu hegazkinak asteon «arrakastaz» pasatu zituela berrikuste frogak. Ibilgailuak, gainera, hiru urte besterik ez zituen.
Ez da lehen aldia Boeing 737 hegazkin batek istripua izaten duela. 2010eko maiatzean, esaterako, Mangaloren (India) lurreratzen ari zen hegazkin batek arazoak izan zituen, eta lurra jo zuen: 150 lagun inguru hil ziren. 2016ko martxoan, Dubain aireratu zen hegazkin batek ere lurra jo zuen, Errusiako Rostov Don hirira bidean zihoala; 62 lagun hil ziren.
Iragan martxoan, gainera, Boeingek 737 Max modeloa merkatutik kendu zuen, hegazkin mota horrek bi istripu izan baitzituen; denera, 346 lagun hil ziren.
Oraingoz, inork ez du lotu atzoko ezbeharra Iranen eta Ameriketako Estatu Batuen egunotako gatazkarekin.