Iran

Iranek ez du onartu programa nuklearraren inguruan EBk egindako proposamena

EB Europako Batasunak programa nuklearraren inguruan egindako proposamena "onartezina" dela adierazi du Hami Reza Asefi Irango Atzerri ministroak, eta, ondorioz, iragarritako ikerketa nuklearrekin aurrera jarraituko dutela. EBren proposamena iazko azaroan garapen nuklearraren inguruan Parisko goi bileran Alemaniarekin, Erresuma Batuarekin eta Frantziarekin lortutako hitzarmenetik "urrun" dagoela iritzi dio Asefik.

2005eko abuztuaren 6a
12:47
Entzun
Hitzarmen horretan esaten zen, Teheranek erabilera militarrerako ikerketa nuklearrak bertan behera utziko zituela baldin eta EBk nazioarteko komunitatearekin harremanak hobetzen, eta segurtasun zein ekonomia arloan lagunduko balu.

Aste honetan, ordea, armagintzarako balio dezaketen ikerketa nuklearrei ekingo ziela iragarri du berriro Teheranek, segurtasuna mehatxatuta ikusten zuela eta. Iragarpen horren ildotik iritsi zen EBren proposamen berria, baina Irango Gobernuaren iduriko han jasotzen dena eskasegia da onartzeko.

Mahmud Ahmadinajed Irango presidente berria suntsipen handiko arma guztiak —nuklearrak barne— desagerraraztearen alde agertu da aste honetan, baina munduko herrialde guztiei segurtasun aukera berak bermatzen bazaizkie. Ahmadinajeden arabera, potentzia handiak armagintzari buruz duten jarrera bidegabea da, euren nahierara galarazten zaielako herrialde batzuei arma nuklearrak garatzea, eta beste batzuei baimentzen.

Ahmadinajedek gaur egin du karguaren zina Parlamentuan, eta hitzaldi horretan esan du nazioarteko legedia onartzen dutela, baina ez direla "atzerritarren aurrean makurtuko". "Ez dugu onartuko gure herrialdearen eskubideak bortxatzea. Gure politikaren printzipio utziezina da. Inoiz ez dugu gure duintasuna sakrifikatuko", adierazi du.Ahmadinajeden hitz horien ondoren etorri da Atzerri ministroaren iragarpena: hau da, ez dutela EBren proposamena onartzen.

EBk, berriz, Teherani ohartarazi dio proposamen hori ez onartzekotan NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilura eramango dutela gaia, eta nazioarteko gatazka handia sor daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.