Iranek hegazkinontzia Ormuzera itzul ez dezaten ohartarazi die AEBei

Persiako Golkoa eta Indiako Ozeanoa banatzen dituen itsasarteko maniobrak bukatu ditu Teheranek

mikel rodriguez
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Bukatu ditu Iranek Ormuzko itsasartean azken hamar egunetan egindako ariketa militarrak, eta hasi bezala amaitu dira, ohartarazpenekin eta mehatxuekin. Teheranek ariketak hasi zituenean, AEBek hegazkinontzi bat bidali zuten eremura. Irango armadaren arabera, joan den ortzegunean atera zen itsasartetik. Ataolah Salehi armadako buruak ez itzultzeko «aholkua» eman dio hegazkinontziari. «Errepublika Islamiarrak ez du bi aldiz errepikatuko ohartarazpena». Haren programa nuklearra dela-eta, AEBek Iran gogor zigortzeko asmoa du; hori eginez gero, Teheranek Ormuzko itsasartea ixteko mehatxua egin du —mundu osoan kontsumitzen den petrolioaren %40 igarotzen da handik—. Urte amaieratik etengabeko mehatxu katea sortu du horrek, gerrarako aukera pizteraino. Oraingoz, baina, inork ez du gurutzatu batak bertzeari jarritako marra gorria .

Teheran harro agertu da hamar egun hauetan itsasartean egindako ariketekin. Salehi armadako buruaren arabera,AEBetako hegazkinontziak Ormuztik alde egiteak erakusten du «etsaiek mezua ongi» ulertu dutela. Hassan Firuzabadi jeneralak, berriz, ohartarazi du Irani erasotzeko asmoa dutenek «garesti» ordainduko dutela. «Irango Islamiar Errepublikaren doktrina eta estrategia militarra defentsiboak dira, baina Irango herriari ezin zaio mehatxurik egin».

Etxe Zuriaren iritziz, baina, Irango militarren adierazpenek Teheranen «ahulezia» eta «nazioarteko bakartzea» erakusten dute. Pentagonoak, berriz, AEBetako ontziek Ormuztik igarotzen segituko dutela erran du.

Hiru hamarkadatako tentsioa

Iranen eta AEBen arteko harremanak gatazkatsuak izan dira Asiako herrialdean iraultza islamikoa gertatu zenetik (1979). Eraso zuzenak ere egin dituzte zenbaitetan, larrienak Iraken eta Iranen arteko gerran (1980-1988). 1987an Irango hegazkin batek AEBetako gerraontzi bati eraso zion Persiako Golkoan —30 marinel hil zituen—, eta hurrengo urtean AEBetako gerraontzi batek Irango bidaiarien hegazkin bat suntsitu zuen Ormuz gainean—291 lagun hil zituen—.

Oraingo tentsio giroa, ordea, Irango programa nuklearrak sortu du. Washingtonek arma nuklearrak sortu nahi izatea egotzi dio Teherani, baina honek argindarra sortzeko asmo hutsa duela dio. Hori dela eta, Iranek Mendebaldeak paratutako baldintzak bete ezean, AEBek ez dute baztertu erasotzea. Aukera horren alde irmoen mintzatu denetako bat Israel izan da. Haaretz egunkariak argitaratu duenez, gerra arriskua piztuz gero, Dimona eta Nahal Sorek zentral nuklearretako erreaktoreak geldituko ditu Tel Avivek, misilen erasoek sor ditzaketen kalteak murrizteko.

Frantziak, berriz, AEBekin bat egiteko eskatu dio EB Europako Batasunari; beraz, Irango Banku Zentralari zigorrak paratzeko eta petrolio esportazioei bahimendua ezartzea nahi du. Iranek arrazoi horregatik egin du Ormuzko itsasartea ixteko mehatxua.

5+1 taldearen elkarrizketak

Hain zuzen, ariketak bukatu dituen egun berean, Iran prest agertu da 5+1 delako taldearekin auzi nuklearrari buruzko negoziazioei berrekiteko. AEBek, Errusiak, Txinak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak osatzen dute talde hori. 2010etik blokeatuta daude elkarrizketak. Irango Atzerri Ministerioak Catherine Ashton EBko Atzerri Gaietarako goi mandatariari eskatu dio hurrengo bileraren «data eta ordua» zehazteko. Negoziazioei berrekiteko, baina, Ashtonen bozeramaile Michael Mannek Teherani eskatu dio froga dezala programa nuklearrak ez duela «helburu militarrik». «Erantzun horren arabera mugituko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.