Iranekin aurrez aurre

Hamalau hilabeteko etenaldiaren ostean, auzi nuklearraren inguruko negoziazioak hasi dituzte nazioarteko potentziek. Uranio oxidoaren hautsa ekoizteko gaitasuna duela iragarri du Teheranek

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Iranen eta nazioarteko potentzien arteko (5+1) bilera konplexua izango zela iragarria zegoen. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Iranen auzi nuklearraz egin duen azken txostena ez da oso aldekoa izan. Iranek azkenean bilerara joatea erabaki arren, haserre egin du, duela astebete Teheranen hil zuten zientzialaria Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak markatutako zerrenda batean agertzen zelako. Gai zerrenda osatzea ere zaila izan da, Iranek ez duelako bilera auzi nuklearrean soilik oinarritu nahi.

Alde batera Irango ordezkariak eseri dira, eta bestera, Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak; Errusia, Txina, Erresuma Batua, Frantzia, AEBak eta Alemania -Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek eta Alemaniak osatzen dute 5+1 Taldea-. Esertzea jada ontzat jo dute denek, izan ere, hamalau hilabetez egon dira etenda negoziazioak, baina ez dute espero erabaki garrantzitsurik hartzea. Genevan (Suitza) elkartu dira egunotan, eta hiri hartan egin zuten azkeneko bilera iazko urrian.

Nazio Batuen Erakundeak sei erabaki ditu hartuak Iranen kontra, uste duelako programa nuklearra helburu militarretarako garatzen ari dela. Erabaki horietako lauk zigorrak zituzten, gainera. Programa nuklearretan parte hartzeagatik zigorturik zeuden arduradunen zerrenda ere kaleratu zuen NBEk, eta joan den astelehenean bi atentatutan hil eta zauritu ziren bi zientzialariak zerrenda horretan zeudela salatu du Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak.

Zerbitzu sekretuak

Joan den ostegunean atxilotu zituzten hainbat lagun, bi atentatu horiekin zerikusia zutelakoan, eta Iranek Israelgo, AEBetako eta Erresuma Batuko zerbitzu sekretuen eskua dagoela uste du eraso horietan; Mosad, CIA eta M16ena. NBEren erantzunik, berriz, ez dute jaso akusaziook. Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariaren bidez nahiago izan dute esan «itxaropentsua» dela Iran mahaira erakarri izana berriro: «Jarrera ona izango dutela espero dugu».

Iran hortzak erakutsiz eseri da negoziatzera -uranio oxidoarenhautsa ekoizteko gaitasuna duela iragarri du-, baina nazioarteak ez du esku-hutsik atera nahi bileratik. IAEAren txostena esku artean duela kontuak eskatzen ari zaio Irani, azterketak susmoak agertzen baititu jarduera nuklearraren inguruan. Zertan ari den jakitea «oso zaila» dela esaten du, ez dagoela frogatzeko modurik, oztopoak direla nagusi ikerketan.

Negoziatzen ari direna ez dago argi, baina gauza bat da ziurra: Iranek ez dio «inoiz» uranioa aberasteari utziko. «Hori ez dago negoziazio mahaian». Potentzia handiek horretara bideratu nahi izan dute eztabaida nagusia, baina Teheranek behin baino gehiagotan esan du inguruko segurtasun arazoez hitz egin nahi duela, bereziki Israelen arma nuklearrei buruz.

Nazioarteko taldeak, berriz, uranioa aberasteko programa bertan behera uztea da mahai gainean jarri nahi duen gai bakarra. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak zortzi urte daramatza ikertzen Iran egiten ari dena. Arma atomikoaz hornitzen ari den jakin nahi du -hori da potentzia handien susmoa-, edo benetan Iranek esaten duena gertatzen ari den, bake helburuetarako jarduera garatzen ari den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.