Iranen ekainean hautatuko dute presidentea

Ahmadinejad ezin da aurkeztu, bi agintaldi jarraian egin dituelako; iraganeko sostengu zabala galdua du

mikel rodriguez
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
AEBen eta Israelen aldetik gerra mehatxua gainean duen arren, Iranek zehaztu du jada heldu den urtean noiz eginen dituen presidentetzarako hauteskundeak: ekainaren 14an izanen dira, lehenbiziko aldiz udal hauteskundeekin batera. Mahmud Ahmadinejad ez da aurkeztuko, errepublika islamikoaren konstituzioak bi agintaldi jarraian egin ondoren berriz aurkeztea debekatzen baitu. Boterean geratzen zaizkion bederatzi hilabeteetan egoera aldatu ezean, bere ospea inoiz baino apalago duela utziko du agintea, eta, horren ondorioz, zaila dirudi bere hurbileko hautagairen batek presidentetza eskuratzea.

2009ko hauteskundeetan Ahmadinejadek ordezkatutako sektore kontserbadoreenaren eta erreformisten arteko lehia izan zen protagonista. Erreformistek orduko presidentearen aldeko iruzurra salatu zuten, eta protesta jendetsuak antolatu zituzten. Poliziak gogor zanpatu zituen elkarretaratzeak, eta dozenaka lagun hil ziren istiluetan. Erreformisten buruzagi nagusiek, Mehdi Karrubi eta Hossein Mussavi lehen ministro ohiek urte eta erdi daramate etxean preso.

2009tik, baina, aldatu egin da Irango panorama politikoa, eta botererako lehian erreformistak bigarren maila batean gelditu dira, kontserbadoreenen artean ireki baita borroka nagusia. Banaketaren arrazoi nagusia, gainera, Ahmadinejad bera bihurtu da.

Kontserbadoreak, banatuta

Iragan martxoan eta maiatzean Kontsultarako Batzar Islamikorako —parlamenturako— hauteskundeen bi itzulietan irudikatu zen banaketa hori. Kontserbadoreek 290 jarlekutatik 182 eskuratu zituzten, baina sektore politiko horretan Ahmadinejaden arerioek lortu zuten diputatu gehien; horien buru Kontserbadoreen Fronte Bateratua gelditu zen 98 diputaturekin. Ahmadinejaden arerio nagusietako bat izan zen zerrenda horretako lehena: Ali Larijani parlamentuko presidentea.

Ahmadinejadek hartutako hainbat erabakik sortutako eztabaidek hautsi dute kontserbadoreek 2009an erakutsi zuten batasuna, batez ere gobernuaren indarra handitzeko asmoek eta sektore publikoa indartzeko politika ekonomikoak. Iraultza islamikoaz geroztik (1979) gobernuak egindako ustezko irregulartasunak direla-eta parlamentuan agerraldia egin duen lehen presidentea izan da Ahmadinejad, eta gobernuko zenbait ministrori ere zentsura mozioa egin diete.

Ahmadinejaden aurkarien buru Ali Khamenei aiatola eta errepublika islamikoko estatuburua bera paratu dute Mendebaldeko hedabide nagusiek eta analista anitzek. Herrialde musulmanetako hainbat hedabidetan, ordea, zalantzan paratu dute bertsio hori, kontserbadoreak batzen dituena aiatolarekiko fideltasuna dela argudiatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.