mundua

Iranen hamabi pertsona hil dituzte, parlamentuari eta Khomeini aiatolaren santutegiari erasota

Hainbat ekintzaile sartu dira bi eraikinetan, AK-47 errifleak hartuta batzuk eta lehergailuekin besteak. Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu erasoak. Irango Gobernuak larrialdi egoera ezarri du estatu osoan. Goardia Iraultzaileak Saudi Arabiari eta AEBei leporatu die atentatua, eta mendekua agindu du. Iranen 1979tik izan den eraso larriena da.

Polizia bat Parlamentuko leihoetako batean. OMID WAHABZADEH, EFE
2017ko ekainaren 7a
07:21
Entzun

Estatuko albiste agentziek zabaldu dutenez, aldi berean egin dituzte bi erasoak. AK-47ak eskuetan sartu dira erasotzaileak Irango Parlamentuaren egoitzan, eta baita Teheran hegoaldean dagoen Khomeini aiatolaren santutegian ere. Larrialdi zerbitzuen arabera, hamabi dira hildakoak, eta 39 zaurituak.

Tiroketa hasi eta minutu gutxira sartu dira segurtasun indarrak eraikinera. Erasoa hasi eta lehen minutuetan Legebiltzarrak bere ohiko saioarekin jarraitu duen arren, ekintzaileetako batek bere burua zartarazi ostean, parlamentariak ateratzea erabaki dute. Iturri ofizialen arabera, erasotzaileak eurak ere tiroz hil ditu Poliziak.

Santutegiaren kasuan, berriz, tiroka sartu dira bertara. Ondoren erasotzaileetako batek bere burua zartarazi du. Segurtasun gutxiko eremua da Khomeini aiatolaren omenezko santutegia, eta bisitari ugari izan ohi ditu.

Irango Gobernuak larrialdi egoera ezarri du herrialde osoan, 1979tik izan den eraso larrienaren ostean. Bestalde, exekutiboak jakinarazi du hainbat lagun atxilotu dituztela gaur, baina argitu gabe erasoekin zerikusirik ote duten edo Estatu Islamikoarekin harremanak izatea egozten ote zaien.

Gobernua bera baino bortitzago agertu da Irango Goardia Iraultzailea. Saudi Arabiari eta Ameriketako Estatu Batuei leporatu diote erasoa, eta "inolako zalantzarik gabe" mendekua hartuko dutela egin du mehatxu. Erasoa, gainera, duela gutxi Donald Trumpek eta Saudi Arabiako agintariek egin zuten bilerarekin lotu du.

Estatu Islamikoa

Joan den asteburuan Londresko erasoekin egin zuen bezala, Teheranen kasuan ere bere gain hartu du egiletza Estatu Islamikoak. Otsailean hasi zen taldea Irango gutxiengo sunitari Gobernuaren aurka egiteko eskatzen. Martxoan, esaterako, bideo bat plazaratu zuten, non ustez jatorri iraniarrekoak ziren ekintzaileak agertzen ziren Irango Gobernuaren politikak eta Ali Khamenei aiatolaren jarrera salatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.