IRANEN PROGRAMA NUKLEARRA. Negoziazioekin jarraitzea proposatu die Teheranek Londresi, Berlini eta Parisi

IAEAri lagundu eta nazioarteko legedia betetzen duela argi erakutsi ezean ez dela bilerarik izango iragarri du Europako Batasunak

arantxa elizegi egilegor
2006ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Teheranen prozesu nuklearraren inguruko negoziazioak berriz hasteko aztertzeko gaur Vienan biltzea proposatu zien atzo Iranek Erresuma Batuari, Frantziari eta Alemaniari. Europako Batasunaren izenean, prozesu nuklearraren inguruko negoziazioetaz arduratzen diren hiru ordezkariek, baina, prozesua etetea jarri zioten bilera egiteko baldintza gisa. «Iranek uranioa aberasteko programa bertan behera uzten badu soilik hitz egin genezake berarekin, eta halakorik egiteko asmorik ez duenez, zertarako eseriko gara beraiekin?», adierazi zuen Erresuma Batuko Atzerri Ministerioko diplomazialari batek.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura eraman nahi dute Iran Londresek, Parisek, Berlinek eta Washingtonek. Teheranek Uranioa aberasteko programak berriz abiatu zuenean, Europako Batasunarekin lotutako hitzarmena urratu zuela diote, eta beldur dira Iranen asmoa ez ote den arma nuklearrak garatzea. Teheranek, baina, ukatu egin du halakorik eta argindarra sortzeko aberastu nahi duela uranioa dio. Gauzak horrela, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren bilera antolatu dute otsailaren hasierarako. IAEAk erabakiko du Iran Segurtasun Kontseilura eramango duten. Europako Batasuneko hirukoa, berriz, IAEAko kideei aurkeztuko dien ebazpena prestatzen ari da. Onartuz gero, Irango programa nuklearra ikertzeko ahalmen handiagoa izango du IAEAk. Horretaz gain, Segurtasun Kontseiluko 15 kideei eskatzen diete Iran presionatu dezatela IAEAren ikerketekin kolaboratu dezan. Agentzia duela hiru urte hasi zen Teheranen programa nuklearra aztertzen. Era berean, gardentasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu diote Irani, argi gera dadin bere xedea ez dela arma nuklearrak egitea.

Txinaren eta Errusiaren sostengu bila

Pekinen eta Moskuren sostengua lortu nahi du Europako hirukoak Iran Segurtasun Kontseilura eramateko. Bi herrialde horiek, ordea, ez dira horren aldekoak. Ondorioz, Teheran Kontseilura eramateak ez duela zigortuko dutela esan nahi argi utzi zien atzo Erresuma Batuak. «Ez goaz New Yorkera Iranen aurkako neurriak hartzeko, programa nuklearra utz dezan presionatzeko baizik». Era berean, arazoa negoziazioen bidez konpontzea dela Londresen helburua nabarmendu zuen Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairren eledunak.

Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Kong Quanen esanetan, programa nuklearrari buruzko negoziazioak berriz hastearen alde dago Pekin. Errusiak, aldiz, uranioa aberastera bideratutako ikerketa guztiak bertan behera uzteko eskatu zion atzo Irango presidente Mahmud Amadinejadi. «Arma nuklearrak ez ugaritzeko errejimena bermatzea da orain garrantzitsuena. Kontu handiz jokatu behar dugu eta bat-bateko mugimenduak saihestu behar ditugu, horiek egoera okerragotu dezaketelako», adierazi zuen Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek. Haren esanetan, zigorrek ez dute arazoa konpontzeko balioko. «Denok dakigu zer eragin zuten Iraki jarritako zigorrek». Errusia, Txina bezala, NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra da eta beto eskubidea du. Uranioa Errusian aberastea proposatu zion Moskuk Teherani, horrela nazioarteak ez luke Irango programa nuklearraren inguruan zalantzarik izango. Otsailaren 16an bilduko dira Irango eta Errusiako ordezkariak egitasmoa eztabaidatzeko. Iranek Moskun duen enbaxadore Golamreza Ansariren esanetan, Teheran Moskuren proposamena aztertzen ari da.

Israelen eskaera

Moskuri Teheranen programa nuklearra eteteko eskatzeko ordezkaritza bat bidali zuen atzo Israelek Errusiara. Israelgo lehen ministro Ehud Olmerten esanetan, Iran arriskutsua da, ez bakarrik Israelentzat, baita Ekialde Hurbilarentzat ere. «Israelek ezin du inondik inora onartu gure aurkako asmo gaiztoak dituen inork suntsipen handiko armen gaineko kontrola edukitzea», ohartarazi zuen Olmertek. Israel da arma nuklearrak dituen Ekialde Hurbileko herrialde bakarra.

Bestalde, AEBetako CNN telebista kateari jarritako betoa kendu zuen atzo Ahmadinejadek. Hala ere, haren jarrera kazetaritza etikaren kontrakoa izan zela nabarmendu zuen. Herenegun, CNNk oker itzuli zituen Irango presidentearen adierazpenak. Hark Iranek teknologia nuklearra izateko eskubidea zuela esan zuenean, CNNk hauxe itzuli zuen: «Iranek badu arma nuklearrak erabiltzeko eskubidea». Ondorioz, Teheranek debekatu egin zien CNNko kazetariei herrialdean sartzea. Telebista kateak, ordea, barkamena eskatu zuen atzo eta itzultzailea okertu egin zela azaldu zuen.

Prozesu nuklearra pausoz pauso



Meategiak: Mota guztietako programa nuklearrentzako oinarrizko lehengaia da uranioa. Azaleko nahiz lur azpiko meategietan aurki daiteke. Australia, Kanada, Txina, Kazakhstan Namibia, Niger, Errusia eta Uzbekistan dira uranio ekoizle nagusiak.

'Pastel horia': Uranioa xehe-xehe egin eta prozesu kimiko batzuen bidez garbitu ostean, itxura solidoa hartzen du berriz. Pastel horia deitzen zaio horri, kolore horia duelako. Gai horren %60-70 uranioa da eta erradioaktiboa da.

Uranio aberastua: U-235 atomoa da uranioan aurki daitekeenetako bat. Hori aberasterakoan, uranio partikulek duten u-235 atomo kopurua gehitu egiten da. Elektrizitatea lortzeko atomo kopurua %2-3 gehitu behar da, eta armak egiteko, berriz, %90.

Erreaktorea: Uranioaren atomo jakin batzuk banatzen direnean,erreakzio kate bat eragiten da. Prozesu horri fisio nuklearra deitzen zaio. Fisio nuklearrak beroa askatzen du, eta bero hori ura lurrun bihurtzeko erabiltzen da, eta lurruna, berriz, turbinak martxan jartzeko. Zentral elektriko nuklear batean fisioa oso motela izaten da; armak egin nahi direnean, aldiz, oso azkarra.

Erregaia eta hondakinak: Erabilgarria den erregaia balio ez duenetik banatzen dute. Prozesu horretatik uranioa (%96), hondakin erradioaktiboak(%3) eta plutonioa ateratzen da (%1).

Uraniozko bonba: Kopuru jakin batean aberastutako uranioa ekoizten dute. Uranio horrekerreakzio kateari une jakin bat arte eusteko gai izan behar du, gero bat-batean lehertu eta bero izugarria askatzeko. Prozesu guztia segundo batean baino gutxiagoan gertatzen da. Horrelako bonba batek 50 kilotoirainoko indarra izan dezake.

Plutoniozko bonba: Plutonioak baditu hainbat abantaila. Nahikoa dira lau kilo plutonio bonba bat egiteko. Halako lehergailu batek 20 kilotoiko indarra askatuko luke. Urtean 12 kilo plutonio ekoizteko nahikoa da zentral txiki bat. Plutonio gordinarekin egindako bonba nuklear batek ehun tona TNTk adina indar izan dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.