Ekialde Hurbila

Irango armadak aitortu du Ukrainako hegazkina bota zuela: «Giza akats baten ondorioz izan zen»

Ali Khamenei aiatolarentzat, gertaturikoa «tragedia handi bat eta huts egite barkaezin bat» da. Ibilgailuak 176 lagun zeramatzan, eta denak hil ziren ezbeharrean. Kievek kalte-ordainak eskatu ditu.

jarraia176032.gif
Ander Perez Zala - Aitor Manterola
2020ko urtarrilaren 11
16:26
Entzun

Azkenean aitortu egin du Iranek: misil batekin bota zuten 176 bidaiari zeramatzan Ukrainako hegazkina. Bi egunez ukatzen aritu eta gero, armadak jakinarazi du «nahi gabe» bota zutela ibilgailua, «giza akats baten ondorioz».

Iragan asteazkenean gertatu zen ezbeharra. Indar armatuek emandako bertsioaren arabera, hegazkina Iraultzaren Zaindarien zentro batetik oso gertu zegoen, «etsaia jarriko litzatekeen altueran eta lekuan», eta horrek eragindako nahasmen baten ondorio izan zen akatsa. Amir-Ali Hajizadeh komandantea arduratu da xehetasunak emateaz: «Misil batekin nahastu zuten. Operadoreak hamar segundo zituen erabakia hartzeko. Komunikazio sisteman akats bat egon zen, ez zuen [hegazkinaren] baieztapenik jaso, eta erabaki lazgarri hori hartu zuen».

Hegazkina erori zenetik atzo arte, Teheranek behin eta berriz ukatu zuen ibilgailua misil batek bota zuela; are, hori «ezinezkoa» zela esan zuen. Baina, egunak pasatu ahala, Ukrainako, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) eta Kanadako agintariak beste bertsio bat zabaltzen hasi ziren; herenegun bertan, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak misilaren tesia plazaratu zuen, hori frogatzen zuen informazioa zuelakoan.

Ezbeharraren egunean bertan, Iranek erantzun zuen bera arduratuko zela gertaturikoa ikertzeaz, eta une oro bertsio berari eutsi zion: hegazkinak «arazo tekniko baten» ondorioz jo zuela lurra. Baina nazioartearen presioa eta AEBekin duen gatazka pisua handiegia izan dira Teheranentzat, eta, azkenean, armadak aitortu egin du giza ekintza baten ondorio izan zela.

Hassan Rohani presidentea izan da barkamena eskatu duten Irango agintarietako bat, eta iragarri du epaitu egingo dituztela «akats barkaezin» horren egileak. Twitter sare sozialaren bidez, Mohammad Javad Zarif Atzerri ministroak ere barkamena eskatu du, eta aste honetako tentsioa ere jarri du mahai gainean gertaturikoa azaltzeko: «Ukrainako hegazkinaren istripua giza akats batek eta AEBen ausardiak eragin du».

Qassem Soleimani Irango Guardia Iraultzaileko jeneralaren heriotzaren harira, egun gatazkatsuak izan dituzte Ekialde Hurbilean, eta, Zarifek esan bezala, Teheranen eta Washingtonen arteko tentsio militar nahasiaren erdian gertatu zen ezbeharra: Ukraine International Airlines aire konpainiaren Boeing 737 hegazkina Teherandik 30 kilometrora erori zen, iragan asteazkeneko goizaldean; 176 pertsona zeuden barruan, bidaiariak eta tripulazioa kontatuta.

Hegaldiak Irango eta Ukrainako hiriburuak lotzen ditu, eta bide hori egiteko asmoa zuten hegazkina aireratu zenean. Bidaiari gehienak eskala egiten ari ziren Irango hiriburuan, eta erdiak baino gehiago atzerritarrak ziren, tartean Ukrainakoak, Kanadakoak, Suediakoak eta Afganistangoak.

Hain justu, hegazkin hori bota aurretik, Teheranek lehen erantzun militarra eman zion Washingtoni: 22 misil jaurti zituen AEBek Iraken erabiltzen dituzten bi base militarren kontra.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak barkamen ofizial bat exijitu dio Teherani, eta eskatu dio Ukrainatik Iranera joan diren 45 adituek frogak aztertzeko aukera izan dezatela: «Espero dugu Iranek bermatzea ikerketa osoa eta irekia izango dela, hildakoen gorpuak itzuliko dituztela, kalte-ordainak jasoko ditugula, eta barkamen ofiziala bide diplomatikoen bidez eskatuko dutela».

Irango armadaren onarpenaren inguruan, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak adierazi du herrialde aliatuekin elkarlanean jarraituko duela «ikerketa osoa» izan dadin. Iragan asteazkenean, Teheranek uko egin zion hegazkinaren kutxa beltzak Boeingi emateari —AEBetako enpresa bat da—, baina gaur jakinarazi du Frantziara bidaliko dituela, han azter ditzaten. Zelenski ados agertu da horrekin, eta, hortaz, hango adituak arduratuko dira kutxak aztertzeaz.

Europako Batasunak ere «lankidetza» eskatu dio Teherani. Josep Borrell diplomaziaburuaren arabera, Iranek ikerketa «oso eta garden bat» egin behar du, betiere «nazioartearen estandarrei» jarraituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.