Emaitzak aztertzerakoan, kontuan hartzekoa da AEBetako presidente George Bushek Irango sistemari eginiko hitzezko erasoek hark nahi zuen efektuaren kontrakoa izan duela. Herritarrek beren kontrako erasotzat Bushek beren erabakitzeko gaitasuna eta inteligentzia gutxietsi dituelako hartu dutela dirudi. Bestalde, berriki bonba batzuk leherrarazi izana atzerriko esku beltz bati egotzi diote askok, eta ez dira gutxi Washington seinalatzen dutenak. Hala, erreformista batzuek bozak boikotatzeko eginiko eskaerari muzin egin eta Ahmadinejad sostengatu dute herritar gehienek.Ez dira baztertu behar, halere, erreformistek salatutako irregulartasun batzuk, ezta kontserbadoreen aldetik jasandako mehatxuak ere. Nolanahi ere, boterera iritsi da Teherango alkate ohia, eta orain berari dagokio Iranen bidea gidatzea. Ekonomia Estatuak kontrolatzearen aldekoa da, baita Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren politika neoliberalen aurkakoa ere.Barne politikan, herrialdea ildo kontserbadorera lerratzeko asmoa duen arren, herritarren arazoei aurre egingo diela agindu du. Batez ere lana eta etxebizitza alorrak hobetzen saiatuko dela esan du. Atzerri politikari dagokionez, «mundu guztiarekin bakean eta justizian oinarritutako harremanak» bilatzeko asmoa agertu du, baina ildo horrek bi aldetakoa izan behar duela ohartarazi du. Ikusi beharko da, halaber, Teheranek nola jokatuko duen orain Iranen menpeko nazioekin zein gutxiengoekin, orain arte haien eskubideak franko murriztu izan baitituzte buruzagi persiarrek. Azeriarrak populazioaren %22 dira, kurduak %8, gilaki eta mazandaraniak %7, luriak %3, ahuazi tribu arabiarrak %3, balutxeak %2 eta turkmenak %1,5. Haien ordezkariek autodeterminazio eskubidea gauzatzeko eta estatua eta erlijioa bereizteko eskatu izan dute. Bestalde, Ahmadinejadek emakumezkoen eskubideak gutxitu eta horiek hein batean esparru publikotik baztertuko dituela aurreikusi dute adituek.
-
Egun garrantzitsuak
1979ko urtarrilaren 16a: Manifestazio handien eta greben ondorioz atzerrira jo behar izan zuen Mohammad Reza Pahlevi Irango xah-ak.
1979ko otsailaren 1a: Ruhola Khomeini aiatola Frantziako erbestetik itzuli zen.
1979ko azaroaren 4a: AEBek Teheranen zuten enbaxadan hainbat bahitu hartu zuten ikasle irandarrek.
1980ko apirilaren 25a: AEBetako Armadak porrot egin zuen bahituak askatzeko saioan.
1980ko irailaren 22a: Irakek gerra deklaratu zion Irani.
1981eko urtarrilaren 20a: 444 egunez bahituta eduki ondoren, oraindik bere eskuetan zituen 52 estatubatuar askatu zituen Iranek. AEBetan Ronald Reagan hautatu zuten presidente bi hilabete lehenago.
1988ko uztailaren 3a: AEBetako Armadako Vincennes itsasontziak Iran Air konpainiako hegazkin bat tirokatu eta 290 pertsona hil zituen.
1988ko uztailaren 20a: Irakekiko gerran su-etena onartu zuen Iranek, NBEren ebazpen bati jarraiki. Gerra amaitutzat eman zuten.
1989ko ekainaren 3a: Khomeini hil zen. Ali Khamenei aiatola izendatu zuten Irango buruzagi goren.
1997ko maiatzaren 23a: Mohammad Khatamik Presidentetzarako bozak irabazi, eta erreformak egiteko saioa hasi zuen.
2000ko otsailaren 18a: Erreformistak askogatik nagusitu ziren Legebiltzarrerako bozetan.
2002ko urtarrilaren 29a: AEBetako presidente George Bushek esan zuen Iranek Gaizkiaren Ardatza osatzen zuela, Irak eta Ipar Korearekin.
2002ko abendua: AEBek Irani leporatu zioten arma nuklearrak egiteko programa sekretua egiten saiatzea. AEBek, ordea, arma nuklearrak dituzte.
2004ko otsaila: Boterean diren apaiz musulmanek (xiitak) ia hautagai erreformista guztiei lehiatzea galarazi ondoren, kontserbadoreek eskuratu zuten Legebiltzarraren kontrola.
2005eko ekainaren 17a: Iraultza islamikotik Presidentetzarako eginiko bederatzigarren bozetan ezein hautagaik ez zuen botoen %50 gainditu. Hortaz, bigarren txanda antolatu zuten.
2005eko ekainaren 24a: Bozen bigarren txandan Mahmud Ahmadinejad kontserbadorea nagusitu zen.