Irango Polizia gogor oldartu zaio oposizioari

Oposizioak Palestinaren aldeko manifestazioa baliatu du ekaineko bozetako iruzurra salatzeko

Erredakzioa
2009ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Oposizioaren milaka jarraitzailek hartu zituzten atzo Teherango kale nagusiak, Irango Gobernuaren aurka egiteko. Urtero legez, Ramadaneko azken ostiralean Al Kuds edo Jerusalemen Eguna ospatzen da hiriburuan, Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelen aurka egiteko. Eta deialdi hori baliatu zuten oposizioko kideek iragan ekaineko hauteskundeetan ustez izandako iruzurra salatzeko eta Mahmud Ahmadinejad presiden- tearen aurka protesta egiteko.

Azkenaldiko Al Kuds egunik jendetsuena izan zen, eta liskarrak izan ziren Teherango kaleetan gobernuaren eta oposizioaren jarraitzaileen artean. Ondorioz, segurtasun indarrek esku hartu zuten, eta hainbat lagun atxilotu zituzten.

Ekaineko protesten ikur bihurtutako Karim Khan etorbidean, esaterako, Poliziak negar gasa erabili zuen oposizioko manifestariak sakabanatzeko. Haiek Haft-e-Tir plazan elkartu ziren, oposizioa eta garaipena irudikatzen dituzten bandera berdeekin, eta harriak eta botilak jaurti zizkieten poliziei. Hiriburuko beste hainbat gunetan ere izan ziren tarteka istiluak.

Basijmilizia islamikoko kideek segurtasun indarrei lagundu zieten, eta, makilak balaituz, oposizioaren jarraitzaileak jipoitu zituzten. Irango Inra agentziaren arabera, oposizioko buruzagi Mir Hussein Mousaviren autoari ere eraso zioten Ahmadinejaden aldekoek. Mehdi Karroubi eta Mohammad Khatami buruzagi erreformisten aurka ere oihu egin zuten, eta Basij miliziakoak oldartu egin zitzaizkien manifestariei.

1979an erregimen islamiarrak Irango boterea eskuratu zuenetik, azkenaldikoa izan da gobernuaren aurkako erantzunik handiena.

Holokaustoa zalantzan

Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek, Al Kuds egunean eman zuen hitzaldian, adierazi zuen Holokaustoa juduen estatu bat sortzeko «aitzakia» besterik ez zela izan, eta «asmakizun hutsa» dela II. Mundu Gerran naziek milioika judu hil zituztelakoa. «Hori gertatu bazen, zergatik ez du inork frogarik erakusten?», galdetu zuen agintariak.

Israelen aurka egiteko eskatu dio Irango gobernuburuak nazioarteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.