Irango Zaindarien Kontseiluak aitortu du hilaren 12ko hauteskundeetan "irregulartasunak" izan zirela, oposizioak hasieratik salatu izan duen bezala, Irango Press TV katearen webguneak gaur dioenez. Oposizioak bozak berriro egiteko eskatu zuen hasieratik eta Zaindarien Kontseiluak asteartean iragarri zuen botoen %10 zenbatuko zituela, "irregulartasunak salatu diren tokietakoak". Orain esan du 50 hiritan behintzat erroldan ageri diren lagunek baino gehiagok eman zutela botoa; denera, hiru milioi lagun gehiagok. Oposizioak salatu du hori 170 hiritan gertatu dela.
Irango bozetako emaitzak ofizial izateko, Zaindarien Kontseiluak balekoa eman beharra dauka. Sei klerigok eta sei juristek osatzen dute taldea.
Oposizioak bederatzi egun daramatza protestan. Gaur ere Teheran hegoaldeko Haft e Tir plazan bildu dira eta Poliziak haien kontra egin du. Mir Hussein Mousavi hautagai progresistaren jarraitzaileak ari dira, batik bat, ekimenak egiten, eta Mahmud Ahmadinejad kontserbadore eta egungo presidentearen aldeko miliziekin borrokatu dira. Irango Polizia ere aritu da manifestarien aurka.
Emaitza ofizialen arabera, Ahmadinejadek alde handiz irabazi zituen hauteskundeak, %62,63 babesa lortuta. Ondorioz, ez du bigarren itzulirik beharko.
Mousavik botoen %33,75 bildu zituen, Mohsen Rezai kontserbadoreak %1,73 eta Mehdi Karrubi erreformistak %0,85.
25 milioi lagunek eman zuten botoa.
munDUA
Irango Zaindarien Kontseiluak aitortu du hauteskundeetan "irregulartasunak" izan zirela
Hilaren 12ko bozetan 50 hiritan botoa erroldan ageri diren lagunek baino gehiagok eman zutela dio; denera, hiru milioi lagun gehiagok. Ahmadinejad kontserbadore eta egungo presidenteak irabazi zituen hauteskundeak, Mousavi progresistari %29ko aldea aterata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu