MUNDUA

Irango zientzialari nuklear bat hil da eta beste bat zauritu da, Teheranen izan diren bi atentatutan

NBEko Segurtasun Kontseiluko bost kideak eta Alemania abenduaren 5ean dira Iranekin biltzekoak bere programa nuklearraz hitz egiteko.

2010eko azaroaren 29a
16:14
Entzun
Bi atentatu izan dira gaur goizean Teheneran, eta horien ondorioz zientzialari nuklear bat hil da eta beste bat zauritu da. Fars Irango albiste agentziaren arabera, Maiid Shariari da hildakoa, Shahid Behesti Unibertsitateko irakaslea. Shariari eta bere emaztea autoa zihoazen, eta une horretan moto batean zihoazen bi pertsonak autoan jarri duten lehergai batek eztanda egin duenean hil da zientzialaria. Emaztea zauritu egin du leherketak.

Modu berean egin dute eraso Fereidun Abbasi zientzialariaren aurka, eta hori zauritu egin dute. Laserraren garapenean espezialista da Abbasi, eta horri ere unibertsitatera zihoala egin diote eraso. Abbasi ere emaztearekin zihoan eta zauritu egin dute leherketak.

Aurtengo bigarren hildakoa

Irango programa nuklearrarekin zer ikusia duen zientzialarien aurka aurtengo bigarren eta hirugarren atentatuak dira gaurkoak. Urtarrilaren 12an Masu Ali Mohammadi, Teherango Unibertsitateko Fisika irakaslea, hil zuten, bere motoan jarritako bonba baten ondorioz. Orduko horretan Irango Gobernuak AEBak eta Israel egin zituen erantzule, eta gaur Irna albiste agentziak esan du "Irango herriaren etsaiak" izan direla, "ez dutelako Iranen aurkako zigorrengan esperantzarik".

Iran otsailean hasi zen bere programa nuklearrean uranioa lantzen, eta Nazioa Batuen Erakundeak zigorrak ezarri zizkion. Abenduaren 5ean erakunde horretako Segurtasun Batzordea osatzen duten bost herrialdeak eta Alemania Iranekin biltzekoak dira programa horren inguruan hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.