NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorren ordezkari diplomatikoak -AEB, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina- eta Alemaniakoak Londresen batzartuko dira gaur, Irango Gobernuak uranioa aberasteko programa bertan behera uzteko eskaerari muzin egin diola-eta zein neurri hartu aztertzeko.
Teheranen kontra zigor ekonomikoak proposa ditzaketela uste da, batik bat, merkataritza harremanak murriztuko dituztenak.
Segurtasun Kontseiluak besterik eskatu arren, programa nuklearrarekin aurrera jarraitu du Iranek, eta hala baieztatu zuen joan den astean IAEAk, energia nuklearrerako nazioarteko agentziak. Uranioa erabilera zibilerako aberasten ziurtatu du behin eta berriz Irango Gobernuak, eta, gainera, nazioarteko beste hainbat estatuk adinako eskubidea dutela teknologia hori garatzeko. Nazioarteak presioa egin arren, ez dutela egitasmoa bertan behera uzteko asmorik berretsi du egunotan Ahmadinejad presidenteak.
Programa nuklearra betan behera utzi geroz, Iranekin "aurrez aurre" negoziatzeko prest dagoela esan du bart goizaldean Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkariak. Dena den, egunotan zenbait komunikabidek plazaratu dute Bush presidentearen gobernuak dagoeneko prest duela 24 orduko epean Irani eraso egiteko plana.
Mundua
Irani nola aurre egin aztertuko dute NBEko Segurtasun Kontseiluko kideek eta Alemaniak
Teheranek programa nuklearra bertan behera uzteari uko egin diola-eta zigor neurri ekonomikoak hartzeko prest leudeke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu