Ekonomiaren eta teknologiaren alorrekoak dira ebazpenak jasotzen dituen zigor nagusiak. Irani jarduera nuklearrak garatzeko baliagarriak izan dakizkiokeen materialak «ematea, saltzea edo zuzenean edo zeharka eskualdatzea» debekatzen die estatuei ebazpenak. Teherani «laguntza edo formazio teknikoa, finantza laguntza eta finantza zerbitzuak ematea» eta, aldi berean, harekin «baliabideak trukatzea» debekatzen du onartutako dokumentuak.
1.737 ebazpenak zerrenda bat jasotzen du amaieran. Irango programa nuklearrarekin harremana izan dezaketen pertsonen izenak jasotzen dira bertan. NBEko estatu kide guztiek pertsona horien finantza kontuak eten beharko dituzte eta euren mugimenduak gainbegiratu, sarrera debekatuz. Segurtasun Kontseiluari pertsona horien mugimenduen inguruko xehetasunak eman beharko dizkiete estatuek.
AEB Ameriketako Estatu Batuek orain arte babesten zuten zigorretako bat, alta, ez da jaso testuan. Irango agintariei herrialdetik ateratzeko debekua ezarri nahi zien Washingtonek. Errusiak neurrigabekotzat jotzen zuen neurria. Errusia eta Txina dira egun herrialde arabiarraren aliatu nagusiak, biek merkataritza harremanak baitituzte Teheranekin.
Alemania, Erresuma Batua eta Frantziaren ekimenez bozkatu zen ebazpena. Bi hilabeteko negoziazioen ondoren etorri da hamabost herrialderen arteko akordioa. Mosku eta Pekin zigorrak ezartzearen kontra zeuden, eta neurriak epeka jartzea proposatzen zuten. Washingtonek, alta, zigor gogorragoak proposatzen zituen. Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrak ados jartzean zegoen arazoa; izan ere, bostek dute beto eskubidea -Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Errusia eta Txina-.
TEHERANEN HASERREA. NBEren erabakia ez dute inondik inora gustukoa izan Teheranen. Javad Zarif Iranek nazioarteko erakundean duen enbaxadoreak ebazpena «legez kanpokoa» dela salatu zuen: «Egun tristea da, eta ebazpena,berriz, herrialde batzuen interesen zerbitzura dagoen bitartekoa baino ez».
Nazioarteko legedia «modu arbitrarioan eta diskriminatorioan» ezartzea salatu zuen eta ebazpenak, bere ustez, «arriskutsua» izan daitekeen aurrekaria ezartzen du: «Benetako irtenbide bat negoziatzea saihesteko neurria da».
Saied Galili Irango Atzerri ministroak «baldintzarik eta presiorik gabe» negoziatzeko prest zeudela jakinarazi zuen ebazpena bozkatu aurretik. Alaedin Boruierdi Irango Legebiltzarreko kideak esan zuen, alta, ez zutela nazioarteko ebazpenik onartuko. Ali Larijanik Segurtasun Kontseilu Nazionaleko idazkariak «portaera horrekin» arazo gehiago eragingo dituztela adierazi zuen.
Alejandro Wolff AEBetako enbaxadore ondokoak ohartarazpen bat egin zuen: «Zigor neurriak aurreneko urratsa baino ez dira eta, ebazpena bete ezean, larriak izan daitezke ondorioak».
Teheranek beti esan du programa nuklearra helburu zibiletarako garatzen ari dela, baina uranioa aberasten ezkutuan hasi izanak mesfidantza eragin du nazioartean. IAEAk orain arte ezin izan du frogatu zein helburutarako garatzen ari den programa nuklearra. Mohamed el Baradei IAEAko idazkari nagusiak irtenbidea «epe luzerako» akordio batek ekarriko duela esan zuen atzo.
KronoLoGIa
Hiru urteko krisiaren nondik norakoak2003
Otsaila. Asmo zibiletarako programa nuklearra abiatuko zuela esan zuen Teheranek.
Ekaina. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak hainbat jarduera ezkutuan egitea leporatu zion Irani.
Iraila. Arma nuklearrak garatzeko asmoa jarduera zibil baten atzean ezkutatzen ez zuela frogatzeko urriaren amaiera arteko epea eman zion IAEAk.
Urria. Alemania, Erresuma Batua eta Frantziako Atzerri ministroek herrialdera egindako bidaiaren ondoren, NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna sinatuko zuela iragarri zuen Iranek.
Abendua. NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna sinatu zuen Teheranek.
2004
Uztaila. Helburu zibiletarako programa nuklearra garatzeko eskubidea aldarrikatu zuen Teheranek.
Iraila. IAEAk jarduera nuklearrak berehala eteteko eskatu zion Irani. AEB Ameriketako Estatu Batuek zigortzeko eskatu zuten.
Azaroa. Uranioa aberasteko programa eten zuela jakinarazi zuen Teheranek.
2005
Otsaila. Uranioa aberasteko egitasmoa berretsi zuen Iranek.
Apirila. Isfahango zentralean uranioa eraldatzeari ekingo ziola iragarri zuen Iranek.
Uztaila. Helburu zibiletarako programa nuklearra garatzeko eskubidea zutela aldarrikatu, eta uranioa aberasteari ekin zion berriz ere.
Iraila. Iranek iraganean ere nazioarteko legedia urratu zuela salatu zuen IAEAk. Isfahango plantan uranioa eraldatzeari ekin zioten.
2006
Urtarrila. IAEAk hiru planta nuklearretan ezarritako zigiluak kendu zituzten. Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak premiazko bilera eskatu zioten IAEAri.
Otsaila. Nazioarteko ikuskatzaileei ez zietela instalazioetan sartzen utziko esan zuen Teheranek. Uranioa aberasteko programari ekin zion. Nazio Batuen Erakundera eraman zuen auzia IAEAk.
Ekaina. Iranek programa eteten bazuen negoziatzeko prest zegoela iragarri zuen Washingtonek.
Abuztua. Europak aurkeztutako planari erantzun eta negoziatzeko prest zegoela esan, baina ez ziola programa nuklearrari uko egingo zehaztu zuen Iranek.
Abendua. Iranek programa 60 eguneko epean bertan behera utzi ezean zigorrak ezartzea erabaki zuen aho batez NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak .