NEPAL

Iraultza Budaren erreinuan

Kristina Berasain Tristan.
2003ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Himalayako Shangri-Lan, bakearen eta lasaitasunaren erreinuan, Budaren sorterrian, elurraren zuriaren gerizpean berde ageri den lurraldean, munduko mendi garaienen babesean bizi den herrialdean, bakea, antzinako tradizioak islatzen dituzten eskuizkribuetan behin eta berriro agertzen den kontzeptua, bertako herritarren bizimodutik desagertzen ari den hitza da. Bakearen erreinuan, ez da bakerako zirrikiturik azkenaldian.

1996. urtearen otsailaren 13an modu isilean, oharkabean, mendebaldeko nekazaritza guneetan eraturiko gerrilla maoistak indar gehiago du egunetik egunera. Inongo garrantzirik gabeko mugimendu soiltzat hartu zuten hark kolokan jarri du herrialdean urteetan egon den egonkortasuna. Ehun nekazari pobrek ekin zioten iraultzari, eta orain 10.000 gerrillari baino gehiago biltzen dira beste 15.000 militante dituela esaten da. Herrialdeko sistemaren oinarriak astintzeko gai izan da, eta Gobernuak disimulatzen jakin ez duen bidegabeko politika baliatu dute maoistek herritarren arreta erakartzeko. Azken finean, agintarien axolagabekeriak eta ustelkeriak eragindako txirotasunak borrokara bultzatu dituzte herritarrak. Orain, Gobernuak iraungo ote duen kolokan dago.

Egun, Nepalgo 75 barrutietako 20 maoisten menpe daude, eta beste 30 batean presentzia nabaria dute. Gehienak mendebaldeko eskualde bakartuetan daude, eta han, Rukkum eskualdetik gertu, aurreneko Gobernu bateratu iraultzailea sortu zuten 2000. urtean. Emakumeek, gutxiengo nazionalek eta dalit kastako herritarrek kastarik zapalduena ordezkaritza handia dute han. Dagoeneko, eskualdeko 4.000 herri eta 300 herrixkatan agintzen du botere iraultzaileak.

Soroetan auzolana eratzen du, lur banaketa bermatu, negozioak egiten dituztenei eta funtzionarioei zergak kobratzen dizkie, eta industria txikia kudeatzen du. Halaber, herri justizia ezartzen du, eta, Maoren Iraultza Kulturaleko «guardia gorriak» eredu hartuta, herritarrek aukeratzen dituzte zuzenean herri bakoitzeko ordezkariak.

Azken hilabeteotan beste eremuetara era zabaldu da haien indarra, eta ekialdean ere bereganatzen ari dira hainbat herrixka. Hainbat informazio iturriren arabera, herrialdearen %40 maoisten menpe dago.

Su-etena kolokan

Urtarrilean gerrilla maoistak su etena iragarri zuen, eta geroztik bi harreman izan dituzte gerrillaren eta Gobernuaren ordezkariek. Alta, maiatzean hautsi zituzten harremanak eta bake prozesua abiatzeko egin zen saio ahula kolokan dago. Azken egunotan areagotu egin dira erasoak, eta bakerako saio hura hautsi den seinale izan daitezke istiluak. Duela bi aste, Sugauli herrian polizia etxeari eraso eta armak eta munizioak lapurtu zituzten gerrillariek.

Joan den astelehenean, maoistek Katmandu hiriburuan zuten bulegoa epe luzerako itxi zuten, eta segurtasuna ez zegoela bermatuta adierazi. Izan ere, hainbat buruzagi maoista atxilotu dituzte azkenaldian. «Gobernuko segurtasun indarren jazarpena jasan dugu, eta etengabeko zaintzapean izan gaituzte. Egoera honetan ezinezkoa da bulegoa zabalik edukitzea edo gure buruzagiak jendaurrean agertzea», esan zuen Katmanduko bulegoko arduradun Bharat Dhungelek.

Nepalgo Gobernuko Informazio eta Komunikazio ministro Kamal Thapak bake negoziazioei berrekiteko itxaropena duela adierazi berri du. «Elkarrizketek porrot egiten badute, erabateko segurtasuna eta irteera ziurra bermatzen diegu», zehaztu zuen, maoisten buruzagiak aipaturik.

Su-etena Gobernuak hiru baldintza onartu ondoren iragarri zuten gerrillariek. Batetik, maoistak izendatzeko ez zuela terrorista hitza aipatuko onartu zuen Gobernuak. Bestetik, gerrillariak atxilotzearen truke ordainsariak emateko neurria bertan behera utzi zuen. Azkenik, buruzagi maoistak atxilotzeko nazioarteko ordena bertan behera utzi zuen.

Lau hilabetean bi harreman izan dituzte, eta, antza denez, Nepalgo Errege Armadaren osaketak bi aldeen artean sortu zituen ezadostasunek eragin zuten bake prozesuaren etena.

Harremanak erabat hautsi aurretik, apirilean buruzagi maoista bat hil zuten Nepalgo ekialdean. Alta, ekainaren erdialdean ustez maoistek egin zuten eraso batean zazpi gerrillari eta zibil bat hil ziren Jajarkot eskualdean. Gertaera hori azken egunotan gertatu denaren aurrerapena baino ez zen izan, eta egunetik egunera egoera gero eta larriagoa da herrialdean.

Bandera komunista munduko gailurrean

Monarkia amaitzea, errepublika sistema bat ezartzea eta eremu askeak sortzea da gerrillari maoisten helburua. «Herriaren gerra da gurea. Inperialismoaren, feudalismoaren eta kapitalismoaren aurka egiten dugu borroka», dio Bhattarai buruzagiak. Bandera komunista Everesteko tontorrean, munduko gailurrean ezarri nahi dute maoistek, eta, horretarako, mendeetan baztertu izan diren guztien, emakume eta txiroen, babesa baino gehiago izango dute matxinoek.

 

Datua





8.000

Kopurua erabat zehatza ez baldin bada ere, gerrilla maoista sortu zenetik Nepalen 8.000 lagunetik gora hil direla esaten da.

 

Kronologia





1949: Nepalgo Alderdi Komunista sortu zen.

1990: Herri mugimendu batek erregearen botere absolutua bukatzea lortu zuen, eta, ondoren, alderdi anitzeko sistema monarkikoa sortu zen bertan.

1996: Otsailaren 13an sortu zen gerrilla marxista-leninista, Alderdi Komunistaren barrutik.

2001: Birendra erregea eta errege familiako zortzi kide hil zituzten.

2003: Urtarrilaren 29an gerrilla maoistak su-etena iragarri zuen. Ondoren, bake prozesua abiatu zen.

2003: Maiatzean Gobernuaren eta gerrilarien arteko harremanak hautsi egin ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.