«Estatus politikoa gure gizartea zatikatzeko inperialismoaren estrategia izan da, inbasio garaian adostutako plana kolonialismoari eusteko». Jorge Rodriguez (San Juan, 1975) ari da hizketan. Puerto Ricon eratu berri duten alderdi komunistako kidea da, eta «traizioa» nola gauzatu zen azaldu du. «Washingtonek gobernu autonomikoa ezarri ostean, presio handia egin zuen uhartea kolonizatutako lurraldeen zerrendatik ateratzeko». Kubaren babesarekin mugimendu independentistak auzia berriz ere nazioartearen eskuetan jartzea lortu zuen. «NBE Nazio Batuen Erakundean 1970tik urtero-urtero aurkezten da 1514 ebazpena, eta urtero-urtero baztertzen dute AEBek eta Israelek».
Dora Irisarre (Humacao, 1980) alderdikideak mugimendu independentistak izan duen bilakaera hartu du hizpide. «Puerto Rico beti izan da erresistentzian egon den nazioa, gaur egun ere gizartearen zati zabal batek pentsatzen du inperialismoari aurre egin behar zaiola, baina oso zatikatuta dago mugimendu hori».
Horregatik sortu berri dute alderdi komunista; iraultzaileen arteko indar metaketa egin, inperialismoaren kontrako borroka bideratu eta klaseen arteko aldeak murrizteko. Rodriguez eta Irisarre Askapena erakundea gonbidatuta daude gurean, eta gaur bi hitzaldi emango dituzte Gasteizen; EHU-ko Filologia Fakultatean 12:00etan, eta Paddy Shorts tabernan 19:00etan. Internazionalista Egunaren harira -urriaren 16a- antolatutako ekimak dira.
Inflexio puntua
Anexionistak, kolonialistak, independentistak, sozialistak, ekologistak, progresistak... gizarteko sektore guztiak batu nahi dituztela zehaztu du Rodriguezek.«Pentsatzen dutena pentsatzen dutela langile klasea elkartu nahi dugu; pobreak, langileak eta langabetuak; hori izango da gure aurrenekourratsa, eta ondoren etorriko dira estatuari aurre egiteko borroka eta askapen nazionala aldarrikatzea». Irisarrek eten bat egin du diskurtsoan, eta xehetasun bat egin bozetan lehiatzeko asmorik ez dutela azaltzeko: «Bozetan lehiatzea kolonialismoa babestea litzateke, horregatik ez daude gure eragileak autogobernuan islatuta; beste bide batzuk dira gureak, eta borroka bat baino gehiago irabazi dugu horrela».
Vieques uhartetik armada kanporatu izanari erreparatu dio «desobedientzia zibilak erresistentzia masiboa» egin zuela gogoratuz. Mugimendu hark hartu zuen indarra eta tamainagatik, hain zuzen ere, uste du erretiratu zirela 2003an AEBak Viequesetik: «Elur pilota handitzen ari zela ikusi zuten, gauzek beste kutsu bat hartzen ari zirela, jada auzia ez zela baseak kentzea, baizik eta kolonialismoa». Estrategiak funtzionatu izana deitoratu du alderdikideak, mila pusketatan hautsi zirela zoritzarrez.
Aurten, alta, erresistentzia arnasa betean dagoela agerian utzi dute unibertsitateko ikasleek. Apirila eta ekaina bitartean greba bat egin zuten aurrekontuen murrizketa salatzeko, eta horrek inflexio puntu bat ezarri du erresistentzian. Rodriguezenhitzetan gizartearentzat hauspoa izan da. «Gure gizartea ez da politizatua egon, baina azkar batean aldatzen ari da hori; heldutasun politikorako prozesua izan da eta egun borroka fronte ugaritan ari da gauzatzen».
Jazarpena dute oztopo nagusia bide horretan, eta, era berean, gobernuak abian dituen estrategiak, uhartearen kasuistika absurdua beste behin agerian uzten dutenak. Estatuak premian direnentzako diru-laguntzen sistema eraiki baitu «elikagaiak edo etxebizitzak» izateko, eta hori borroka grina apaltzeko bideratu dutela salatu du Rodriguezek: «Une jakin batean jendeak nahiago izaten du diru-laguntza jaso eta trukean lanik ez egin, hori baita diru-laguntza jasotzeko baldintza, lanik ez egitea, eta langabezi tasa %30ekoa da egun, hainbat gunetan%50ekoa ere». Irisarreren iritziz, menpekotasuna sustatzen du horrek, pobrezia eta bazterketa endemikoak izatea. «Ahoratzeko zerbait izatea, apurra bada ere, nahikotzat jotzen dute, eta lokartu egiten ditu horrek».
Ingurumenaren abaroan
Uharteko ingurumena da orain arriskuan dena, eta hori babesteko abaroan mugimendu sendo bat sortzen ari da, taldeak elkar daitezen baliatzen ari direna. Iparraldetik hegoaldera gasbide bat eraiki nahi dute, eta ekialdetik mendebaldera, berriz, hainbat autopista ordainsariak ezartzeko. «Hondartzak ere pribatizatzen ari dira gringoek eguzkitan txigortu daitezen, eta horretarako arrantzale komunitateak desplazatzen ari dira». Honi aurre egitea izango da komunisten lehentasuna orain, eta, aurreratzen dutenez, aurki borroka gogorrak izango dira.
Jazarpenaren beldur dira, eta horregatik ari dira klandestinitatean; borrokak ez duela atzera bueltarik ohartarazi badute ere. Herria altxatu egin dela nabarmendu dute.
FBIk 133 polizia eta funtzionario atxilotu ditu, ustez narkotrafikoan aritzeagatik
FBIk bere historiako operazio handiena egin zuen atzo droga salerosketari lotutako poliziaren ustelkeriaren kontra, Puerto Ricon: 133 polizia eta funtzionario atxilotu zituen. Tartean daude ofizialak, ofizial ohiak, udaltzainak, espetxeetako poliziak eta Guardia Nazionaleko kideak. AEBetako Gobernuaren arabera, atxilotuek narkotrafikatzaileak babesten zituzten droga salerosteko operazioetan: droga erosleak miatu, narkotrafikatzaileak armekin babestu eta inguruak zaindu. Ustez 500 eta 5.400 dolar artean jasotzen zituzten lan horien truke.Ameriketako Estatu Batuetako estatu ezberdinetatik joandako mila poliziak egin zituzten atxiloketak. Polizia asko atxilotu dituzten arren, Eric Holder AEBetako Justizia idazkariak esan du Puerto Ricoko ofizial gehienak «zintzoak eta langileak» direla.