Mohamed Hussein Tantaui Egipto trantsizioan gidatzen duen Armadako Kontseilu Goreneko buruzagiak ez du bete ehunka mila pertsonak Kairoko eta beste hainbat hiritako zentroetan egindako eskaera bat bera ere. Hiru egun borroka amaigabean aritu ondoren —gutxienez 33 pertsona hil dira, gehienak balaz zaurituak—, Tantauik atzo esan zuen herriak presidente bat izango duela «2012ko uztaila baino lehen». Apirila baino lehen izateko eskatu diote, baina, eta, horrez gainera, ez du aipatu ere egin Konstituzioaren gainetik dauden printzipioak kenduko dituztela. Horiek armadari boterea ziurtatzen diote, berdin dio zer koloretakoa izango den datorren legebiltzarra. Epaiketa militarrak epaiketa zibilekin ordezkatzeko eskakizunaren inguruan, berriz, onartuko duela esan zuen, «salbu beharrezkoa dela erabakitzen den kasuetan». Esam Sharafen dimisioa ere onartu du, datozen egunetan gobernu berri batosatzea ere bai, eta armadaren agintaldiari buruzko erreferenduma.Tahrir plazan, baina, «kanpora, kanpora» oihuak entzuten ziren atzo berak hitz egin bitartean. Giroa bero-bero dago, urtarrileko bizipenen antzera, egoera errepikatzen ari baita.
«Ez dakit Tahrir plazak jarraituko duen Tantauiren kontra borrokan, baina haren diskurtsoa urtarrileko iraultzak iraun bitartean Mubaraken egindako bera da», uste du Rami Abadirrek, egunotan balaz zauritu duten ekintzaile gazteak. «Kaka bat da!». Tantauik hitz egin bitartean, etengabe tiro hotsak entzuten ziren Kairoko zentroan, eta Egiptoko komunitate birtuala mariskalari trufaka aritu da ondoren ere, deja vu bat biziz. Atzo, 140 diplomazialari egiptoarrek sinatu zuten manifestari bakezaleen kontrako indarkeriari amaiera lehenbailehen jartzeko manifestua. Haserrea zabaltzen ari da.
Liskarren sorrera
Ekintza txikiek ondorio larriak izan ditzakete. Abenduan gazte tunisiar batek bere buruari su emanda herri osoan matxinada eragin zuen, eta gainerakoetara zabaldu zen. Oraingoan, berriz, eta hemen, manifestari bakezale batzuk plazatik indarkeriaz aterarazteak Kontseilu Militarra urduri jartzeraino eragin du, Hosni Mubarak eroriz gero Egipto gidatzen duen erakunde boteretsua. Eszenari dramatismo gehiago emateko, Tahrir plazatik joan den larunbatean ateratako gehienakurtarrilaren 25etik otsailaren 11ra Egiptoko historia norabidez aldatzen lagundu zuten martirien senideak ziren.
Inork gutxik jartzen du zalantzan Kairoko zentroan egunotan bizitzen ari dena iraultzaren bigarren aldia dela. Erregimen militarrak, beti jaun eta jabe 1952an Faruk erregearen kontra estatu kolpea eman zuenetik, dagoeneko ezin du Mubaraken itzalaren atzean ezkutatu, eta orain agerian geratu da iraz betea dagoen herriaren aurrean, ez diolako botereari uko egin eta zibilen esku uzten prozesua. «Armada eta herria bat dira», oihukatu bazuten urtarrilean, orain haiek gobernutik joatea eskatzen dute.
Mohamed Hussein Tantatui mariskalak, indar armatuen buruzagiak, bere jokoa ongi egin zuen Mubaraki amore emateko agindu zionean. Modu horretara saihestu zuen gertatutakoa baino sarraski askoz handiagoa—847 pertsona hil ziren—, armada erdian jartzerakoan, barne ministerioaren segurtasun indarren eta Egiptoko plazak betetzen zituzten manifestarien artean; protestak amaitu ziren, eta armadaren irudia sendotuta atera zen. Hortik aurrera, trantsizioaren kudeaketa eskasak eta konstituzioaren printzipioen adierazpen baten bitartez boterea mantentzeko irrikak bere asmoak azaleratu dituzte, eta egiptoarrak masan kalera aterarazi.
Gauzak ezer gutxi aldatu diren seinale da komunikabideen kudeaketa, besteak beste. Egunotan «aliens» deitzen diete manifestariei, eta behin eta berriz ziurtatzen dute ez direla egiptoarrak, eta beti bezala esaten ari dira «atzerriko esku bat» dagoela gertaeren atzean.
Tahrirko borroka
Joan den ostiraleko manifestazio jendetsuaren ondoren, non dozenaka milaka lagunek Egipton botere aldaketa eta konstituzioaren gainetik dauden printzipioak kentzeko data bat eskatzen zuten, talde txiki batek han geratzea erabaki zuen, eskaerak bete bitartean. Ez ziren uztailean hiru astez Tahrir bete zuten kopurura iristen, inondik ere, eta indarkeriari ez zioten erresistentziarik jarri. Jahid, klase ertaineko gaztea izan zen iristen lehenetakoa: «Jendeak gertatutakoaren berri izan zuenean plazaruntz joan zen borroka egitera, eta hara joateko deiak erantzuna izan zuen». Larunbat arratsalderako mila manifestari inguruk Poliziaren auto furgoi bat bereganatu zuten, eta erre: Mohamed Mahmud kaleko borroka hasia zegoen. Orduztik C2 negarra eragiteko gasen milaka pote —legez kanpokoak hainbat herritan—, eta gomazko eta suzko balak erori dira menifestarien gainera, etenik gabe, harriak eta molotov koktelak segurtasun indarrenera erori diren bezala.
Mugimendua haziz joan zen larunbatean zehar, baina gauean ez zen manifestari gehiegirik izan. «Igandean nire urtebetetze eguna izan zen, eta harriak botaz ospatu nuen goizaldean», dio Hazem Haderrek, klase ertaineko ekintzaileak, beste egun bat borrokan igarotzeko sendagaiez eta bitaminez betea daraman motxila erakusten duen bitartean. Larunbat gauetik igande goizaldera hil ziren iraultza berriko lehen bi martiriak, bat Kairon eta bestea Alexandrian.
Protesta jendetsua bilakatzeko arrazoi nagusia igande arratsaldean gertatu zen, armada sartu zenean. Arratsaldeko bostak aldera, hainbat soldadu poliziak lagunduta tiroka sartu ziren Tahrir plazan zentroan jarri zituzten kanpaleku urriak erretzeko eta han zeudenak uxatzeko asmoz. Hasieran lortu zuten arren, ordu eta erdian pilatu zen jendetzak bultzata erretiratu egin behar izan zuten. Atxilotuen kontrako polizien basakeria erakusten zuten irudiak eman zituzten Al Jazeeran, eta soldadu batek gorpu bat zaborretara nola botatzen zuen ere bai. Horrek ordura arte plazara joateko erabakia hartu ez zutenak haserretu zituen. Beste hemezortzi lagun hil ziren igandean.
Aipatzekoa da armadaren igandeko esku hartzeak ez duela aurrekaririk. Urtarrileko iraultzak iraun bitartean, armadak parte hartzeari uko egin zion, eta manifestariak babestu zituen, baina oraingoan AM Amn el Markazi segurtasun indar zentralen deiari erantzun zion armadak. 1977an sortutako indar paramilitarrak dira AM, armada bezalako prestigiozko instituzioaren eta herritarren arteko harreman zuzena saihesteko asmoz sortua. Evan Hillek Al Jazeeran dioen bezala, oraindik gaur AM Mubaraken garaiko buruzagiz beterik dago, Kontseilu Militarretik independenteak dira, eta euren boterea erakutsi nahi dute, herritarengandik gutxietsiak sentitzen baitira.
Igandeko esku hartzeagatik barkamena eskatu du armadak, eta iradoki du bere egitekoak «manifestariak babestea izaten jarraitzen» duela. Ez da gehiago sartu Tahrir plazan, ez eta borroketan ere, baina ez du inor babestu, eta tankeak AMkoetatik oso gertu ikus daitezke, Mohamed Mahmud kalean, elkarri lagunduz bezala.
Elkartasuna
Igandeko gertaerek protesta jendetsua erakarri zuten. AMren kontrako borroka, Mohamed Mahmuden babestua, ez da geratu harrez gero. Mekanika sinplea da, manifestariek taldeka, gazteak gehienak, espaloiak txikituz lortutako harriz erasoari ekiten diote, eta atzera egiten dute negarra eragiteko gasen lainolodien artean. Plazatik bertatik ekiten diote, baina baita Mohamed Mahmud Tahrir kale paraleloarekin lotzen den kaleetatik ere. Gasak lelotu eta itsutu egiten du gerturatzen den edonor, eta gomazko pilotekin, suzkoekin batzuetan, frontearekin ausartzen direnak zauritzen dituzte. Horietako askok etxeko telefono zenbakia idazten dute besoan, hiltzen edo zauritzen badituzte. Ekintzaileek ziurtatzen dute manifestarien burua seinatatzen dutela armez.
AMi erasotzeko helburua ez da Tahrir plaza babestea besterik, berriz ere agertoki historikoa non milaka eta milaka pertsonak manifestazioak egiten dituzten atsedenik gabe, askatasun grina berritzeko. Jendea Tahrirren zoriontsu da, eta batasuna erabatekoa da: salafista bizardunak, bizargabe liberalak, emakumeak, umeak eta zaharrak, zapirik gabeko emakumeak, niqab baten azpian gordetakoak; aberats eta pobreak. Jende guztia Tahrirren dago, berriz.
Herritarren ekintzetan nabaritzen da batasuna. Batzuk eta besteak bigarren lerroan zain egoten dira gasek minberatutako begiak lasaitzeko likidoekin; medikuek artatzen dituzte zaurituak plazako hainbat gune inprobisatuetan; motorretan eramaten dituzte urrutien dauden borroka lekuetatik, Mansur eta Falaky kaleetatik, mediku zentroetara, ziztu bizian Tahrir kaletik, gizakiez osatutako kate batek babesturik, istripurik izan ez dezaten; jende sinesgabeek egiten dute katea sinesdunak errezoan jartzen diren bitartean. Sendagaiak banatzen dituzte, estalkiak, jatekoa eta edatekoa, internet bidez lortutakoak hiri osotik. Sentimendu hunkigarria; joan den neguan bizitakoa egiptoarren bihotzetara itzuli da.
«Mubarak da armada», ziurtatu du Saad Ibrahimek. 32 urte dauzka, eta imam salafista da Alexandriako meskita batean, eta Kairora gerturatu da protestekin bat egitera. «Ni salafista naiz, baina denak bat gara». Ali Hasan 35 urteko kontulariak gogor erantzuten du kolore politikoaz galdegitean;: «Horrek ez dio ardura. Jende guztia plazan dago». Farida, gazte lizentziatu berria begiak garbitzen ari zaio Falakiko frontetik itsuturik datorrenari. «Haiek egiptoarrak direlako, eta ni ere bai». Egiptoarrentzat etorkizuna nahi dutelako.
Egipto
Iraultzara itzuli da Egipto
Tantaui mariskalak Mubarakek otsailaren 11n emandako hitzaldiaren antzekoa egin du, eta trantsiziorako erreformak aginduBuruzagi militarraren promesek herritarrak ez dituzte bete; giroa bero-bero dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu