Egipto, emakumeen ikuspegitik

Iraultzatik baztertuak

Egiptoko iraultzak ez du oraingoz aurrerapausorik ekarri emakumeen eskubideei dagokienez, eta hauteskundeetako lehen emaitzetan argi ikusi da politikan parte hartze urria dutela. Emakumeek ere, gizonekin batera, Tahrir plaza hartu zuten, eta aldaketa eskatu; orain, etorkizunaz kezkaturik daude.

Kairo
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Islam kontserbadoreenaren ordezkari da Nur alderdi salafista, Egipton boto gehien lortzen duten indarretatik bigarrena; Nurren hauteskunde karteletan ez da ageri emakumeen argazkirik. Ez dute legea urratu, zeinak zerrendetan emakumeak izatera behartzen baititu, baina nahiago izan dute alderdiaren logotipoa erabili, emakumeen aurpegiak baino, nikab batez estaliak agertu beharko baitzuketen. Alderdi horretako emakumeak, beste askotakoak bezala, zerrendako azken tokietan agertu ohi dira; alegia, hautatuak izateko aukera txikia dutenetan. Hiru hauteskunde itzulietatik lehenbizikoan, hiru emakumek bakarrik lortu dute aulki bat parlamentuan.

Indar Armatuen Kontseilu Nagusiak proposatutako hauteskunde lege berriaren bidez —horrek gobernatzen du herrialdea Hosni Mubarak otsailean eroriz geroztik—, ezabatu egin dute emakumeen kuota deritzona, parlamentuan haientzako 64 aulki eskatzen zituena. Legeak entzungor egin zien, era berean, Emakumeen Aldeko Egiptoko Zentroak egindako proposamenei, zerrendako gizon biko emakume bat eskatzen baitzuten. Hala, azaroaren 28 eta 29ko hauteskundeetarako alderdien zerrendek aurkeztu zituzten 212 hautagaietatik hiru joango dira parlamentura. Beren kabuz aurkeztu ziren 164 hautagaietatik, berriz, bakar batek ere ez zuen lortu herritarren babes nahikorik. Botorik gehien lortu duten alderdi bietan ere ez da izango emakume ordezkaritzarik: ez Askatasuna eta Justizia izenekoan —Musulmanen Anaien alderdian— eta ez salafisten Babes Demokratikoan ere.

Naiera Elethik koordinatzen du Hezkuntza eta Babes Demokratikorako Nakib Zentroa; erakunde horretan 13.000 abokatuk dihardute begirale Egiptoko hateskundeetan. Elethiren argudioaren arabera, alderdiei «arriskutsua iruditzen zaie emakumeak zerrendako lehen tokietan jartzea, botoak lortu nahi baitituzte eta emakumeek ez baitute botorik ematen». Halakoxea da jendearen irudipena, hautagaien edertasuna izaten baitu eztabaidagai, eta ez kargurako egokiak diren edo ez. «Mubarakek emakumeen alde egindako legeak —besteak beste, parlamentuan 64 aulkiko kuota izatea—, hain zuzen, itxurak egiteko konponbidea baino ez ziren, kalean ez baitzegoen hezkuntzarik». Hala azaldu du Elethik. Haren ustez, egoera irauli ahal izateko, «generoaren gaia sartu behar da hedabideen eta gobernuz kanpoko erakundeen jardunean».

Iraultzak, aldaketarik ez

Zifrak ikusita, erraza da esatea Egipton bitxikeria bat dela emakumeek politikan duten parte hartzea eta iraultzak ez dituela kontuak aldatu oraingoz, herrialde horretan ustez gizonak bakarrik baitira gauza hitz egiteko eta erabakiak hartzeko. Hala ere, Kairoko Tahrir plaza esanguratsuan, hilabete hauetan emakume asko ibili dira, zapiarekin eta zapirik gabe, gizonen alboan askatasun eske. Elethik ziur dioenez, otsailetik «egoerak okerrera egin du, askogatik», ez bakarrik gizonen jarreran, baita emakume askorenean ere, hainbat eta hainbatek uste baitute haiei ez dagokiela politika. «Oraindik ere bide handia dugu egiteko», adierazi du, bere artean dioela nondik jo ote dezakeen islamistek gobernatutako herrialde batek.

«Egiptoko arazoa da emakumeak ez daudela ongi prestatuta. Irakurtzen eta idazten badakite, baina ez dute hezkuntza onik». Hala baieztatu du Habiba Uasef, zeinak 77 urte baititu eta oraindik kontsulta batean baitihardu lanean, osasun eta nutrizio arloetan. Uasefek azaldu duenez, «kontua ez da emakumeen eskubideak eskatzea, baizik eta beharrezko lanabesak ematea beren bidea egin dezaten eta hautatzeko gai izan daitezen, hala etxean familia bat eratuz nola etxetik kanpo lan eginez; emakumeek ezkontzea hautatzen badute, karrera bat egin ordez, horrek ez du esan nahi aurrera egin nahi ez dutenik, gizarte aldetik ez baikaude esateko moduan 'tira, senarraren babesik ez badut, dibortziatu egingo naiz'... Kultura kontu bat da».

Uasef doktorea Egiptoko diplomazia taldean jardundakoa da, bai eta Nazio Batuen eta MunduOsasunaren erakundeetan ere; horrez gainera, beste erakunde batzuetan ere lan egin du, noizbehinka. «Bai, emakume izateagatik, gehiago saiatu behar izan dut»; argi eta garbi erantzun dio galderari. «Emakume batek kontu handiz zaindu behar du bere lanbide bizitza, eta ez du hutsegiterik izan behar bere jokabidean; aise eraso dakioke, eta hutsik egin gabe aritu beharra dauka, aurrera egingo badu. Emakumea bazara, zeure postua betetzeko gai zarela erakutsi behar duzu betiere». Uasefek dioenez, hori hala da bera aritu izan den goi karguetan, ingurune islamista eta kontserbadoreetan, egiptoar emakume pobre eta laborarien egitekotik harago. Hala eta guztiz ere, ondo ezagutzen du alor hori, horretara bideratu baitu bere landa lanak, eta, ziur dioenez, «emakume batek nekez alda dezake bere patua». Haren ustez, hor dago koska: «haize kontra borrokatzea», eta askatasun zirrikituak baliatzea, gizarte arauak urratu gabe. «Garrantzitsuena hor egotea da, eremu publikoan, unibertsitatean; behar izanez gero, belo edo nikab eta guzti».

Herrialde pobrea da Egipto, eta Uasef doktorea, nutrizioan aditua. Aukera duen guztietan dakar hizpidera bere iritziz emakume egiptoarren arazo benetakoa dena: malnutrizioa. «Seme-alabak eta senarrak elikatzen dituzte, berentzat ezer ez gordetzeraino, eta ogiz elikatzen dira. Ogiz elikatzeak gizentasuna eragiten die, eta horrek berekin dakartzan arazoek emakumeen %70i erasaten diete». Uasefek azaldu duenez, «emakume egiptoarrari ez dio axola bere buruak, eta ez da arduratzen bere osasunaz». Herrialdearen etorkizunaz galdetuta, hauxe dio azkenik: «Ezin da egun batean aldatu patua; baina kezka handia eragiten didate kutsadurak, plangintzarik batere ez izateak eta haurren osasunean arreta publiko urria jartzeak».

Karima Mansur bi aldiz da aktibista. Batetik, kalean ibilia da, eta Arte Koalizio Independentea sortu du beste lankide batzuekin batean. Bestetik, emakumea da, eta profesional bikaina, Egipton oraindik ere ezezaguna den arlo batean: dantza garaikidean. «Herrialde honetan, aktibista egiten zaitu emakumea eta artista izateak. Badakit: dantzaria zarela esaten badiot inori, hau edo bestea uste du jendeak»; Mansurrek dioenez, gizartean zama bat dakarkio bere lanbideak, eta bizkarrean eraman beharra dauka «egunero». Tabu horiek guztiek are profesional hobea egin dute Kairoko operako arte garaikidearen programako zuzendari artistiko berria; haren ustez, «tabu horiekbide bat dira, norbere lana ikusgarri eginarazteko eta herritarren pertzepzioa aldarazteko».

Mansurrek uste osoa du emakumeen ahalmenean. «Iraultzaren buruan daude emakumeak, nahiz eta batzuetan ikusezinak diren. Tahrir plaza datorkit gogora, eta emakumeak baino ez ditut ikusten, garrasika, babesa eta ideiak emanez. Gizonak baino adimentsuagoak dira». Nolanahi ere, ez du uste aktibismoa batere heroikoa denik; egin beharreko zerbait da, «zabiltzalako eta sufritzen ari zarelako». Mansurrek dioenez, kontseilu militarrak zalantzak sortuagatik, duela hamar hilabete baino hobeto dago Egipto, jendea iratzarri egin baita: «Apatiko eginda geunden, itxaropena eta konfiantza galduta, etsita; beraz, onuragarria izan da aldaketa».

Komunikabideetan

Emakume indartsua da Shahira Amin. Iraultza garaian, lana bertan behera utzi zuen: Egiptoko telebista ofizialarentzat ziharduen lanean, eta nazkatuta zegoen beti Mubaraken aldeko manifestazioen berri emanarazten ziotela eta. Gero, itzuli egin zen, Hillary Clintoni elkarrizketa egiteko aukera eskaini baitzioten; polemika sortu zuen, berriz, Gilad Shalit soldadu israeldarra elkarrizketatu zuen lehenbiziko emakume kazetaria izan zelako, Hamasek duela hilabete gutxi askatu zuenean. Shahiraren esanetan, emakume izateak ez dio arazorik ekarri bere lanbidean: «Izan ere, Egipton, emakumeak dira buruzagi kazetaritzan». Ez du arazorik, era berean, kazetaritza ofizialeko hautsak astintzeko, zeina «erregimenaren propaganda armatzat» baitauka.

Hari dagokionez, ez da genero kontu bat izan, lanbideari dagokiona baizik, bera beti ibili izan baita erregimenak ezarritako marra gorrien inguruan, eta herrialdean tabu ziren gaiak izan baititu hizpide: emakumeei organo genitalak moztea, Sudango iheslariak… Kazetaritza egiteko bere moduak, esaterako, telefono bidezko mehatxuak ekarri dizkio Amini: «Egiozu kontu zeure familiari; bestela, dena galduko duzu», aditzera eman zioten behin.

Erregimenaren gaiztakeriak baditu ere diskurtsoko hizpide nagusi, azaldu digu zer ikuspegi duen emakumeen, herrialdearen eta iraultzaren egoeraz. Lehenik, hauxe dio: «Gizartearen parte da kultura matxista; jendea berriro hezi beharra dago». Aminen esanetan, Tahrirrekoa «mugarria izan zen emakumeentzat, lehen lerroan baitzeuden», baina aurki zapuztu zitzaion poza. «Plazan, Jakintsuen Mahaia sortu zuten, konstituzio aldaketei buruzko erreferendumaz negoziatzeko agintariekin, baina ez zuten emakume bat bera ere gonbidatu. Trantsizio gobernuan emakume bakarra zegoen, eta hura antzinako erregimenekoa!», azaldu du.

Gainera, Aminek ohartarazi du «arrisku bat» dela gobernu islamista bat, haren lege islamikoak hainbat ondorio baitakarzkie emakumeei, ez onak. «Hainbat hobekuntza izan genituen Mubarakekin —esaterako, emakumeei organo genitalak moztearen kontrako borroka—, eta horiek ere galtzeko arriskua dugu», adierazi du. Nolanahi ere, Amin ez dago oso kezkatuta, iruditu baitzitzaion «energia halako bat zegoela han, handia zela emakumeen aktibismoa, alderdietako kide egin direla emakumeak eta uste dutela berei ere badagokiela herrialdea. Ez du atzera bueltarik; ez digute atzera eginaraziko», dio irmo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.