Ezkerreko koalizioak aurkeztutako proposamenaren arabera, giza eskubideen defentsan nazioarteak onartutako arau guztiak bere egin behar ditu Konstituzioak, eta, beraz, baita Uruguaiko Justiziak ere. Horrek esan nahiko luke Iraungitze Legea Konstituzioaren aurkakoa litzatekeela, hain zuzen ere, diktadura garaiko kriminalak babesten dituelako eta informazioa ezkutatzen duelako. Halabaina, oposizioko Colorado Alderdiak eta Alderdi Nazionalak gogor gaitzetsi dute Jose Mujika presidentearen gobernuaren jarrera, argudiatuz entzungor egin diola herriaren borondateari.
Gaur arte bi galdeketa egin dituzte legea baliogabetzeari buruz, 1989an bata eta iaz bigarrena, eta bietan ezezkoa izan da nagusi. Prozesu haiek eta azken hau bultzatu dituztenen esanetan, ordea, lehenengoan goizegi zen inolako erreferendumik egiteko, kontuan izanda lau urte besterik ez zirela diktadura amaitu zenetik, eta izua oraindik ez zela erabat desagertua. Bigarrenean, presidentetzarako hauteskundeekin batera egin zuten plebiszitua, legearen aurkako kanpainaren kalterako, eta soilik baiezkoaren alde bozka zezaketen herritarrek.
Oposizioaren ikuspegia, ordea, oso bestelakoa da. Analia Piñeyrua diputatu nazionalistaren esanetan, herriak «era askean» adierazi du bere iritzia, eta gobernuak errespetatu egin behar du hori. «Zuzenbide estatuak indarrean jarraituko badu, herriaren erabakia errespetatu behar da». Harekin bat etorri da Alderdi Coloradoko ordezkari Gustavo Cersosimo ere: «Proposamena ez da zuzena, ez juridikoki eta ezta politikoki ere. Herriaren erabakia defendatzen dugu, baita zuzenbide estatua, demokrazia eta bakea ere».
Garaipena gertu
Urteetan diktadura garaiko kriminalak auzitegietara eramatearen alde borrokatu direnentzat, aldiz, gero eta gertuago dago garaipena. Fronte Zabala koalizioko diputatu Felipe Micheliniren iritziz, urrats garrantzitsua izango da hau Uruguaiko gizartearentzat. «Lege proiektuak botere judizialaren independentzia ezarriko du berriz». Izan ere, orain arte, gobernuaren esku zegoen erabakitzea zein kasu sartzen ziren Iraungitze Legean eta zeintzuk epaitu zitezkeen. Oscar Lopez Goldaracena abokatu eta senatariaren iritziz ere ate asko irekiko ditu proposamenak. «Asko dago egiteko. Orain arte auzipetu eta zigortutakoak tortura eta desagertzeetan parte hartu zutenetatik gutxi batzuk besterik ez dira».
Dena den, Senatuaren galbahea igaro behar du oraindik egitasmoak, eta hor ere zailtasunak izan ditzake. Izan ere, hamasei boto behar dira aurrera egiteko, eta Fronte Zabalak hamazazpi senatari ditu, baina horietako bik dagoeneko iragarri dute aurka bozkatuko dutela.
Gabriel Sere.Iraungitze Legearen kontrako plataformako ordezkaria
«Urrats garrantzitsuaeta beharrezkoa da hau»
A. E.Urteak daramatza Gabriel Serek Iraungitze Legearen aurkako borrokan. Diputatuen Ganberako erabakiaren ostean, baina, inoiz baino gertuago du garaipena plataformak.
Diputatuen Ganberak Iraungitze Legea baliogabetzearen alde bozkatu berri du. Baina borroka ez da amaitu, ezta?
Ez. Legebiltzarreko bi ganberek onartu behar dute legea. Uste dugu bigarren eztabaida hori azaroaren 10a baino lehen hasiko dutela Senatuan, nahiz eta egun jakinik oraindik ez duten finkatu. Hala ere, urrats garrantzitsua eta beharrezkoa da, legea bidegabea delako. Konstituzioa urratzen du, eta oinarrizko giza eskubideak ukatzen ditu.
Gobernua estu ibili da egitasmoa aurrera ateratzeko, epe motzean Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiak ziurrenik Uruguai zigortuko zuelako Iraungitze Legea indarrean edukitzetik. Horregatik derrigortu ditu koalizioko diputatuak proposamenaren alde bozkatzera, eta Senatuan ere gauza bera egingo duela iragarri du.
Oposizioak badu aukerarik prozesu hau gelditzeko?
Senatuaren baietzaren ostean, aukera bakarra geratuko litzaioke: erabakia Konstituzioaren aurkakoa dela esatea eta erreferenduma eskatzeko sinadurak biltzea. Baina hori ezinezkoa da.
Legeari eusteko oposizioaren argudioetako bat da egin diren bi galdeketetan herritarrak hura baliogabetzearen aurka agertu direla.
Bi herri galdeketa egin dira. 1989koan ezezkoak irabazi zuen botoen %43rekin; baina egoera oso berezia zen: diktaduratik irteten ari ginen, eta herritar askok mehatxupean jarraitzen zuten. Beldurra zen nagusi. Iazko urrian, berriz, plebiszitu bat egin zen Konstituzioa erreformatzeko eskatzeko. Kasu hori ere berezia da, herritarrek soilik baiezkoaren alde egiteko aukera dutelako. Aldi horretan, baiezko botoak %47 izan ziren. Horrek ez du esan nahi, ordea, hautesleen %53k legeari eutsi nahi diotenik. Inkesten arabera, %30 soilik dira horren aldekoak.
Hala ere, gure iritziz, ez da zilegi giza eskubideak galdeketa batera eramatea. Inoiz plebiszitu bat egingo balitz herritarrei bizitzeko eskubidea kentzeko, eta baiezkoak irabaziko balu ere, erabakiak ez luke baliorik izango.
Zer ondorio izan ditzake Iraungitze Legea baliogabetzeak?
Politikagintzan eta justizian, bietan izango du eragina. Lehenengoari dagokionez, etapa bat amaituko da, diktadurako erantzuleei inpunitatea bermatzen ziena. Justiziari dagokionez, berriz, eskuak libre izango dituzte legearen ondorioz artxibatutako kasu guztiak zabaltzeko. Horrek ez du esan nahi erantzule guztiak zigortuko dituztenik, hainbeste urte eta gero oso zaila delako beharrezko frogak aurkitzea. Baina, gutxienez, era independentean ikertzeko askatasuna izango dute.