«Hil artean ez ditut onartuko Mahon epaileak atera dituen ondorioak. Inoiz ez dut inorengandik diru ustelik onartu, eta egia kontatu dut». Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak Fianna Fail alderdia uztea erabaki du, ustelkeria salaketen ondotik. Alderdia ostiralean zen Ahern alderditik kanporatu ala ez erabakitzekoa, baina politikariak aurrea hartu du. «Oso triste nago Fianna Fail uzteagatik». 1989 eta 1995 bitartean «ordainketa susmagarriak» jaso zituen Ahernek, baina Alan Mahon epaileak esan du ezin izan diola ustelkeria egotzi, ordainketen jatorria argitu ez duelako.
Epaileak, dena den, argi esan du Ahernek ez duela egia kontatu, eta azalpen zalantzagarriak eman dituela. Lisa Chambers alderdiko presidenteordeak ere esan du ez dituela sinesten lehen ministro ohiaren hitzak. Ahernen dimisioa «keinu sinbolikoa» izan dela gaineratu du.
Flynnek ere, berdin
Ahernen atzetik iritsi da Padraigh Flynn ministro ohi eta Europako komisario ohiaren dimisioa. Mahon epaileak ustelkeria egotzi zion hari. Beste hainbat alderdikide ere zigortu dituzte. Alderdiak adierazi du aurreikusi bezala egingo dutela ostiraleko bilera, ustelkeria kasuetan nahasitakoekin zer egin erabakitzeko.
Irlandako lehen ministro ohi Ahernek dimisioa eman du Fianna Failen
Ostiralean ziren Ahern alderditik bota ala ez erabakitzekoak, ustelkeria kasuetan nahasita egoteagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu