Lehen aldiz aurkeztuko da Sinn Fein alderdi errepublikanoa Irlandako presidentetzarako hauteskundeetara, eta Martin McGuinness Irlanda iparraldeko lehen ministrordea izango da alderdiaren hautagaia. Sinn Feineko lehendakari Gerry Adamsen hitzetan, «nazioaren berradiskidetzea eta irlandar guztien batasuna lortzea» izango da haren egitekoa. Erronka berri horretan buruzagitza positibo bat beharrezkoa dela nabarmendu du Adamsek, eta McGuinness «herritarren presidente» izatera heldu daitekeela gaineratu du.
Alderdiaren zuzendaritzak igandean egingo duen bileran hartuko du McGuinnessen hautagaitzaren erabakia. Baina aurreikuspenen arabera, buruzagi errepublikanoak babes zabala eskuratuko du alderdiaren barruan. Haren hautagaitza bermatzeko, ordea, hogei legebiltzarkideren edo lau udal kontseiluren babesa eskuratu beharko du politikariak. Hamazazpi legebiltzarkide ditu gaur egun Sinn Feinek Irlandako Parlamentuan. Hori horrela, hautagai independenteen babesa lortzeko lan egin beharko du McGuinnessek. Presidentetzarako hauteskundeak datorren urriaren 27an egingo dituzte.
Garaipena urrun
Iragan otsailean Irlanda hegoaldeko parlamenturako hauteskundeetan bozen %9 eskuratu zuen Gerry Adamsek zuzentzen duen alderdiak. McGuinnessen eskutik, baina, Sinn Feinek emaitza hobeak lortuko dituela aurreikusten dute adituek. Dena den, errepublikanoek irabaztea zail ikusten dute.
McGuinnessek Irlanda iparraldeko lehen ministrordearen funtzioak albo batera utzi beharko ditu presidentetzarako kanpainak irauten duen bitartean. Bozetan lortzen dituen emaitzen arabera erabakiko du postu horretara itzuliko den ala ez. Baina Adamsek adierazi du hauteskunde horiek MacGuinnessi iparraldean egin duen lanari eta bake prozesuari jarraipena ematea ahalbidetuko diola.
McGuinness Irlandako presidentetzara aurkezteak Irlanda iparraldeko DUP unionisten eta Sinn Feinen arteko koalizio gobernua arriskuan jartzen ez duela argitu dute, bestalde, errepublikanoek. Maiatzean, hain justu, Irlanda iparraldeko hauteskundeetan unionisten eta errepublikanoen arteko elkarlana saritu zuten herritarrek. Bi alderdiek beste lau urtetarako akordioa berritu zuten, orduan.
IRA Irlandako Armada Errepublikanoko buruzagi ohi izandakoa bake prozesuko protagonistetako bat izan da. Urteetan etsai izandako Ian Paisley unionisten buruarekin gobernu koalizioa osatu zuen McGuinnessek 2007an.
Irlandako presidentetzarako lehiatuko da Sinn Fein lehen aldiz, McGuinness buru duela
McGuinnessek hogei diputaturen babesa beharko du aurkezteko; urriaren 27an egingo dituzte hauteskundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu