MunDUA

Irlandan berriro egingo dute Lisboako Itunari buruzko erreferenduma

Europako Batasunak ontzat jo du gaur proposamena. Aurrekoan ezezkoak irabazi zuen (%53,4). EBko 27 herrialdeen artean Irlandan baino ez dute egin erreferenduma; besteetan tokian tokiko legebiltzarrek berretsi dute ituna.

2008ko abenduaren 11
18:11
Entzun
Europako Batasunak (EB) gaur Bruselan onartu duenez, Irlandan berriro egingo dute Lisboako Itunari buruzko erreferenduma. Datorren urteko azaroa baino lehen egingo dute, gaur EBko 27 herrialdeek hitzartu dutenez.

Irlandan itunaz joan den ekainaren 12an egindako erreferendumean ezezkoa izan zen irabazlea. %53,4ko babesa lortu zuen ezezkoak; baiezkoak, %46,6koa. EBko agintariek hitzartutako Europaren erakundetzea hankaz gora jarri zuten irlandarrek, ondorioz. Azkeneko inkesten arabera, Irlandan berriro izango litzateke kontrako botoa garaile.

Ekaineko emaitza hura izan arren, Jose Manuel Barroso Europako Batzordeko presidenteak esan zuen Irlandaren ezezkoa ez zela EBren amaiera. Haren ustez, gainontzeko herrialdeetan legebiltzarretan berreste prozesuekin jarraitu behar zuten. EBko 27 herrialdeen artean Irlandan baino ez dute egin erreferenduma. Izan ere, hango Konstituzioak agintzen du hori egitea halako kasuetan.

2005ean Danimarkako eta Frantziako estatuetako herritarrak izan ziren erreferendumean Europako Konstituzioaren kontra azaldu zirenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.