Errefuxiatuak

Irudi borroka, Greziako kostazainen eta Turkiakoen artean

Iheslariak Lesbosera atoian eramatea egotzi diete greziarrek turkiarrei, bideo batekin. Greziako kostazainek errefuxiatuei gaur emaniko tratua erakusten du itxuraz beste bideo batek.

Edu Lartzanguren.
2020ko martxoaren 2a
19:24
Entzun

Haur bat hil da gaur, Greziako Lesbos uhartean, errefuxiatu talde baten txalupa hondoratzean. Lehen hildakoa da duela lau egun krisiak larriagotu zenetik. Baina gertaerak irudi borroka bat piztu du Turkiako eta Greziako kostazainen artean.

Greziako kostazainek bideo batekin frogatu nahi izan dute Turkiarrek lagunduta egin duela iheslari horiek Lesboserainoko bidea. Greziako kostazainen arabera, «muturreko turkiarren» ontzi batek atoian eraman du iheslarien ontzia, Lesboserantz. «Ontziak ez du arazorik, baina abiada handian daramate», idatzi dute kostazainek euren webgunean.

Baina Turkiako kostazainek beste bideo bat zabaldu dute. Gaurko irudiak lirateke, turkiarren arabera, eta Cos uhartearen parean hartu dituzte. Bideoan, Greziako kostazainak agertzen dira, iheslarien txaluparen kontra jotzen. Makila luzeekin jotzen dituzte ontzian doazen iheslariak, eta galarazi egiten diete kostazainen ontzian babes hartzea. Greziarrek tiro ere egiten dute, uretara.

Turkiak duela lau egun erabaki zuen mugak zabaltzea. Ankarak Europako Batasuna estutu nahi du horrekin, Sirian esku har dezan, joan zen astean Damaskoko armadak 33 soldadu turkiar hil ondoren. Turkiaren deiaren ondoren, milaka errefuxiatu pilatu dira mugaldean, eta beste asko itsasoz ari dira egiten Greziarako bidaia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.