TXETXENIAKO HAUTESKUNDEAK

Iruzurra salatu dute Moskuren aldeko presidentetzarako bozetan

Independentistekin negoziatzeari uko egin dio irabazleak; gerrillariek hil egingo dutela berretsi dute

Kristina Berasain Tristan.
2004ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Kremlinen hautagai faborito Alu Alkhanov poliziak irabazi zituenherenegun, Txetxenian, Moskuren aldeko administrazioko presidentetzarako hauteskundeak.Alkhanovek botoen %73,48 eskuratu zituen aurreneko itzulian, beraz, iragan maiatzaren 9an gerrillari independentistek hil zuten Akhmad Kadirov presidentea ordezkatuko du, hemendik aurrera, orain arte Txetxeniako Barne ministro izandakoak. «Alkhanov garaile absolutua da», helarazi zuen Abdul Kerim Arsakhanov Hauteskunde Batzordeko buruak.

Movsar Khamidov hautagaiak bozen %8,94 lortu zituen eta Abdula Bugaevek, berriz, %5. Gainontzeko lau hautagaiek Vakha Visaiev, Umar Abuiev, Magomed Aidamirov eta Makhmud Khassan Asakov bozen %5 baino gutxiago jaso zituzten. Hauteskunde Batzordearen arabera, parte-hartzea %85,24koa izan zen %30 zen beharrezkoa bozak baliozkotzat jotzeko. 600.000 txetxeniar zeuden deituta botoa ematera.Bozen emaitzak eszeptizismoz jaso dira nazioartean; izan ere, giza eskubideen aldeko erakundeek eta begiraleek iruzurra salatu eta hauteskundeak ez zirela zilegiak izan adierazi zuten atzo. Errusiako Memorial erakundearen arabera, «bortxaketa nabarmenak» izan dira hauteskunde prozesuan. «Ezin da presidentetzarako bozak egin direnik esan, zilegiak izateko bertan behera utzi eta emaitzak baliogabetu egin beharko lirateke. Guztia faltsukeria izan da. Aipatzen diren parte-hartze tasak baieztatzea delitua da», zehaztu zuen Ussam Baisaiev erakundeko zuzendariak.Egun osoan hauteslekuak hutsik egon zirela eta, hartara, parte-hartzea eskasa izan zela nabarmendu zuten begiraleek. Hainbat kazetariren arabera, Groznik «hiri fantasma» ematen zuen igandean. Iparraldeko Gudermes, Urus-Martan eta Sunia nekazaritza eskualdetan, bereziki, parte-hartzea eskasa izan zela aldarrikatu zuten. Mekenskaia herrian eguerdira arte ez zuela inork bozkatu eta Hauteskunde Batzordeak ordurako parte-hartzea %35ekoa zela helarazi zuela salatu zuen Baisaievek: «Grozniko hiritar batek lau alditan bozkatu zuela adierazi zuen». Bozak segurtasun neurri handien babesean egin arren, ustez lehergailu bat zeraman gizon bat hil zen hiriburuan, bonbak eztanda egitean.Gerrillari independentistek ere iruzurra salatu zuten igande gauean. «Varsoviako gettoan edo gulag estalinista batean egindako bozak izan dira», esan zuen Aslan Maskhadov presidente independentistaren eledun Akhmed Zakaievek. Alkhanov «Moskuren txotxongiloa» dela eta bozak boikoteatzeko deia egin zuten independentistek aurretik, «fartsa» bat zirela argudiatuz. Gerrillariek Moskuren aldeko presidentea hilko dutela adierazi zuten.Errusiaren aldeko administrazioko presidente berriak independentistekin negoziatzeari uko egin zion atzo: «Maskhdovek eta wahabismoak muturreko islamismoa ez dute etorkizunik Txetxenian». Alkhanoven ustez, gerrillariek «hiltzen edo bonbak jartzen ahal dituzte, baina herritarren borondateak historiaren zaborrontzira bota ditu: Maskhadovek bere kabuz aukeratu zuen bide hori».

Lehergailuak hegazkinetan

Bestetik, iragan astean erori ziren bi hegazkinetan leherketa bana egon zela baieztatu zuen atzo Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak. «Ikerketaren emaitzak %100ko ziurtasuna dagoenean ematen dira ezagutzera», zehaztu zuen Andrei Fetisov jeneralak.

Alu alkhanov

Txetxeniako presidente berria

Putinen itxaropena





Izen bakar batean pentsatu zuen Errusiako presidente Vladimir Putinek iragan maiatzean gerrillari independentistek bere zuzeneko ordezkari Akhmad Kadirov presidentea hil zutenean: Alu Alkhanov polizian erasoaren lekuan zegoen baina arin zauritu zuten. Geroztik bere baliabide guztiak, zilegiak eta ez zilegiak, martxan jarri zituen Kremlinek Alkhanov presidentetzarako bozetan garaile ateratzeko. Txetxenia bere menpe izateko eta independentistak jazartzeko Putinen itxaropena zen Alkhanov.

Akhmad Kadirov ez bezala, Alu Alkhanov (1957) Errusiaren alde borrokatu zen Txetxeniako aurreneko gerran. 1995 eta 1996. urteen bitartean Groznin aritu zen lanean polizia gisa. Ondoren Shakhti hiri errusiarrean aritu zen lanpostu berean. Bigarren gerra abiatuta, Txetxeniara itzuli zen berriro eta Poliziaren Garraio Saila zuzendu zuen. 2003. urteko apirilean Txetxeniako Barne ministro izendatu zuten. Hemendik aurrera, kargu arriskutsua beteko du Alu Alkhanovek; izan ere, orain arte Txetxenian, Moskuren aldeko gobernuan agintean egon diren bost ordezkarietatik lau hil egin dituzte gerrillariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.