Argentinako Chaco probintzian, toba, wichi nahiz mokoi indigena komunitateetan behartasun gorrian bizi dira. Horietako asko isilean hiltzen ari dira, tuberkulosiak, Chagasen gaitzak edota elikadura urritasunari lotutako arazoek jota. Chacoko basoetan, barneraezina deituriko eremuan, bizi izan dira tradizioz. Herri nomadak ziren lehen, ehiztariak eta biltzaileak, eta janariaren bila mugitzen ziren baso zabaletan barna. Lurjabeek, ordea, indigenenak ziren lurrakerosi zituzten. Zuhaitzak moztu, eta egurra saltzen dute, lurrak abeltzaintzarako prestatzen dituzte, edota soja landatzeko, eta aborigenak gero eta esparru mugatuagoa daukate bizitzeko. Eta ondorioz, geroz eta zailtasun gehiago bizirik irauteko.
Indigenak «bazterketa endemikoaren» biktimak direla salatu du Rolando Nuñez aborigenen eskubideen aldeko Mandela elkarteko zuzendariak (Resistencia, Argentina, 1953). Pobreziaren arrazoi nagusiak basoen soiltzeak eta lurren galera direla azaldu du, berriz, Monica Charole Idach Chacoko Aborigenen Institutuko komunikazio arduradunak (Juan Jose Castelli, Argentina, 1981). «Lurrik gabe indigenak ez dira autonomoak, eta ez dute behar duten laguntza jasotzen»
«Abendutik hona bi haur jaioberri eta 21 urteko neska gazte indigena bat hil dira. Heriotza horiek saihestu zitezkeen», adierazi du Nuñezek. Eskualdean osasun zerbitzuak urriak eta «oso txarrak» direla salatu dute, hain zuzen, Mandela elkartetik. Jaio eta berehala hil zen haurretako bat, «aurretik amaren zenbait ezaugarri mediku kontuan hartu ez zituztelako», elkartetik diotenez. Bestea, jaio eta egun batera hil zen, deshidratatuta. Gurasoak haurra etxera eraman zuten senda-agiria jasota. Xaflazko zorua duen etxebizitzan, baina, bero handiegiak haurrak ura galtzea eragin zuten. Eskualdeko osasun arduradunek gurasoei egotzi diete errua, baina indigenen eskubideen aldeko erakundeek diote arrazoiak beste batzuk direla: baliabide falta eta babesik eza, hain justu. Yinata Leiva gaztea, berriz, behar besteko arreta jaso ez zuelako hil zela salatu dute senideek. Gaizki sentitzen zelako medikuarengana jo zuen, eta hark ospitalera bidali zuen, baina bertan ez zioten arretarik eman. Batera eta bestera ibili, eta inon erantzunik eman ez ziotela hil zen. Meningitisa zuen.
Nuñezek uste du heriotza horiek indigenek jasaten duten bazterketaren adierazle garbia direla. «Herritar pobreenak dira aborigenak, eta gizartetik kanpo baleude bezala tratatzen dituzte erakundeetan», azaldu du. Ekintzailearen hitzetan ez da klase ertaineko indigenarik existitzen, «egiturazko pobreziaren» preso baitira.
Eskubideen defentsan
Basogabetze bortitza jasan du eskualdeak azken urteetan, aborigenen egoera erabateko larritasunera eramanez. «90eko hamarkadan lurra oso merke saltzen zuten, eta betidanik indigenen lurrak izan zirenak saltzen hasi ziren, bertan bizi zirela kontuan hartu gabe», dio toba etniakoa den Charolek. «Indigenok 2000. urtean hasi ginen antolatzen eta gure eskubideen alde borrokatzen».
Lurrik gabe geratzeak bultzatu zituen horretara; izan ere, eskasiak hainbat heriotza eragin zituen urte horietan. Horrez gain, hezkuntzan eta osasun arloan baliabiderik ez zutela ikusirik, zerbait egin beharra zutela erabaki zuten. Baina borrokan hasi zirenean eskubideak zituztenik ere ez zekitela kontatu du Charolek. «Orain komunitateek ulertzen dute eskubide batzuk dituztela, eta horiek exijitzen dituzte. Eskubideak funtsezkoak dira norberarena dena defendatzeko; arma bat dira».
Gaur egun, hain justu, aborigenak babesteko lege indartsuak daudela dio Idacheko komunikazio arduradunak. 2007tik indarrean dago indigenen lurrak babesteko Bonasso Legea, esaterako. «Legea betetzea baizik ez dugu eskatzen. Kamioiak gure lurretan sartu eta egurrez beteta ateratzen dira egunero, eta gobernuak bitartean ezikusiarena egiten du. Legeak egon badaude, baina ez dituzte betetzen», salatu du Charolek.
2005etik, hain zuzen, komunitate indigenek 250 salaketa baino gehiago jarri dituzte lurraren galera eta basogabetzea dela eta. Ez dute baina inolako erantzunik jaso. Charolek auzi guztiak «tiraderatan» sartu dituztela salatu du, eta bitartean lurrak saltzen eta basoak soiltzen jarraitzen dutela. «Auzi bakar bat ere ez da ireki; ez da inolako aurrerapenik egin».
Lurren galerak indigenen jarrera aldaketa ere eragin du: lehen nomadak ziren komunitateak sedentarioak bilakatu dira, Nuñezen ustez, ez baitute nora jo. Lurrak, baina, ez die behar duten adina ematen. «Jadanik dena ustiatu dute; nomadak sedentario bihurtu direnez, ez diote lurrari berritzeko denborarik ematen».
Lurrak galtzea indigenen «galbidea» izan delakoan dago Nuñez.«Indigenaren eta lurraren arteko harremana zatitu ezinezkoa da. Elkarbizitza bat dute lurrarekin. Basoa indigenarentzat farmazia, supermerkatua, parkea, etxea... guztia da», azaldu du Mandela elkarteko buruak. «Behin lurra kenduta, bizirik irauteko arazoak hasten dira».
Baliabiderik ezean, «gaizki bizitzera» kondenatu dituztela salatu dute indigenen giza eskubideen aldeko elkarteek. «Zertaz bizi dira?», galdetu du Nuñezek. Ehiza dute elikagai iturri nagusia, baina apenas ehizatzen duten, inguruan animalia gutxi geratzen direlako. «Diru laguntzetatik bizi dira, baina laguntzak oso noizbehinka heltzen dira, modu desordenatuan, eta betiere espekulazio politikoen arabera», salatu du Nuñezek.
Horren guztiaren eraginez gaizki elikatzen dira, eta berehala gaixotzen dira. «Tuberkulosia, Chagasen gaitza eta anemia kasuak izugarri hazi dira azken urteetan». 60.000 eta 70.000 indigena inguru geratzen dira gaur egun Chacon, baina probintziatik at ere badira aborigenen komunitateak. Santa Fe eskualdeko Rosario hirian, esaterako, 26.000 toba inguru bizi dira. Horiek guztiak barneraezineko miseriatik eta gosetetik ihesi alde egin zuten, «bizirik iraun ahal izateko», Nuñezek kontatu duenez.
'Zuritutako' indigenak
Basoetatik alde egin duten indigenen gehienak ez dira itzultzen barneraezinera. Hori horrela, gutxika-gutxika galtzen ari dira. Hirietan ere bazterketa jasaten dute. Kokaleku indigenetan bizi direla kontatu du Nuñezek, eta ez direla zuriekin nahasten. «Idiosinkrasia, eta identitatea galtzen dute hirian».
Prestakuntzarik gabeko lanetan aritzen dira: artisautza produktuak edo janariak saltzen, gehienak. Ahal dutenek basoetan dauden senideei laguntza bidaltzen diete, baina gehienek ez dute bizitzeko adina irabazten. «Basoetan irautea zailagoa da, baina hirietan ere oso egoera kaxkarretan bizi dira».
Hirietako indigenak zurituta daudela uste du Mandela elkarteko zuzendariak. «Euren jatorriari uko egiten diote, zuriei imitatzen diete, eta indigena izaera galtzen ari dira». Gazteak, batik bat, gaztelaniaz hitz egiten dutela dio, euren jatorrizko hizkuntzak basoetako biztanleentzat soilik direla uste baitute. «Indigena izateagatik diskriminatu egiten dituzte, arrazakeria handia dago, eta horrek guztiak indigenenak diren ezaugarriak baztertzera bultzatzen dituzte». Ohiturak ere galtzen ari dira. Hala nola euren arbasoek egiten zituzten artisau produktuak egiteari utzi diote. Belaunaldiz belaunaldi zuritze prozesua handiagoa dela kontatu du Nuñezek.
Horrez gain, drogak bereziki kolpatu duen komunitatea da indigenena. Alkoholismoa arazo larri bilakatu da basoetatik hirietara jo duten aborigenen artean. Gazteek lekeda eta nafta ere arnasten dituztela kontatu du. Horrez gain, Poliziak bereziki jazartzen die gazte aborigenei. «Oso autoestimu txikia dute, despertsonalizatuta daude, zuriei imitatzen. Etnia moduan galtzear daude». Integrazioaz hitz egiten denean, hain zuzen, gutxiengoen galtzeaz hitz egiten dela salatu du Nuñezek, eta indigenak hirietan bide horretan daudela dio.
Hezkuntza
Identitatearen galera, bestalde, hezkuntza sistema «kaskarrarekin» lotuta dagoela azaldu du Nuñezek. Indigenak eskolara joaten diren arren «analfabeto funtzionalak» direla adierazi du Mandela elkarteko zuzendariak. Charole ere bat dator Nuñezekin: «Hezkuntza sistema ez dago indigenei egokituta. Legez hezkuntza elebiduna jasotzeko eskubidea dutela biltzen bada ere, gaztelaniaz soilik irakasten diete». «Ez da erraza tobaz pentsatu eta gaztelaniaz ikastea», gaineratu du Nuñezek.
Idach elkartekoek kontatu dute hezkuntza elebiduna emateko gai diren 70 irakasle daudela komunitate indigenetan, baina horiei gobernuak ez diete irakasteko ahalmenik onartzen, titulurik ez daukatelako. «Irakasle indigenak behar dira, ikasleen hizkuntza berbera hitz egiten baitute, eta elkar komunikatzeko gai baitira», dio elkarteko komunikazio arduradunak. Horrez gain ikasleek sarritan eskolara heltzeko kilometro askoko bidea egin behar dutela azaldu du, eta asko eskolako jangelan jateko joaten direla, ikasteko baino gehiago. «Maila guztietarako irakasle bakar bat izaten dute. Astean hiru aldiz joaten dira eskolara, kasurik onenetan... Hezkuntza sistemak oso gaizki funtzionatzen du», salatu du Nuñezek.
Oso indigena gutxi heltzen dira bigarren hezkuntzara, eta are gutxiago unibertsitatera. Mandela elkartetik salatu dute haurrak alfabetatuta daudela esateko mailaz igarotzen dituztela, baina eskola porrota izugarria dela.
Irtenbidea: lurrak itzultzea
Mokoi, toba eta wichientzat irtenbide bakarra dagoela uste du Charolek: «Eurenak diren lurrak itzultzea». Gobernuak basoberritzeko ere ahalegin berezia egin beharko lukeelakoan dago Nuñez, indigenak berriz ere autonomoak izan daitezen. «Lurrak basorik gabe ez dauka inongo baliorik, lehen zeukatena itzuli behar zaie».
Euren eskubideen alde altxa zirenetik aborigenek hainbat lorpen egin dituzte. Gobernuaren agendan egotea lortu dute indigenek, baina hori komunikabideetan piztu den «eskandaluagatik» soilik dela argudiatu du Nuñezek. «Gobernu guztientzat indigenak karga bat izan dira, eta, ezikusiarena eginez, isilean hiltzen utzi dituzte».
Argentina. Chacoko indigenak
Isileko sarraskia
Argentinako Chaco eskualdean, toba, wichi eta mokoi indigenak behar larrian bizi dira; lurrak kendu dizkiete, eta bizirik irauteko gero eta baliabide gutxiago dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu