Poliziak eta militarrak Londresko kaleak zaintzera atera dira gaur, bi herritarrek atzo Woolwicheko auzoan Lee Rigby militarra hil ostean gerta daitezkeen liskarrak kontrolatzeko asmoz. Alari deituz, Afganistanen eta Iraken Erresuma Batuko militarrek hil dituztenen mendekua aldarrikatuz hil zuten matxetekadaz atzo bi legunek soldadua —Afganistanen egona zen Rigby—. “Atentatu terrorista” izan zela zabaldu zuten hasieran, baina gaur, ikerketaren xehetasunik eman ez duten arren, ez dute hartu horri begirako segurtasun neurri nazionalik, hiria alerta berezian egon arren.
David Cameron lehen ministroak hauxe esan du gertatutakoaz: “Islamari traizioa egitea da hau”, eta “islamean ezerk ez du zuritzen” gertaera hori. Nabarmendu du hiriko “komunitate guztiek” —musulmanenek ere gaitzetsi dutela gogoratu du— partekatzen dutela iritzi hori. “Hau egin zutenak gu banatzen saiatu ziren, baina jakin dezatela horrelako zerbaitek batu besterik ez gaituela egiten”. Erasoa “gaixo daudenek” egin dute, nahasteko egina da.
Musulmanen kontrako erasoak saihesteko mezua eman du lehen ministroak, atzo hilketa gertatu ondoren polizien kontra aritu baitziren EDL eskuin muturreko taldeko kideak, “muturreko islamaren inbasioa” kritikatzen dutenak, eta mezkitak erretzen ere saiatu ziren.
Poliziaburuekin eta zerbitzu sekretuetakoekin bilera egin ondoren egin ditu adierazpen horiek Cameronek.