Tinta urdinez bustitako atzamarrak bilakatu dira igandetik Tunisiako irudirik errepikatuenak. Hiritarrek harro erakusten dute marka, bozkatzera joan diren seinale. Hain zuzen, atzamar margotuen sinboloa da, ikertzaile askoren ustez, hauteskundeen benetako garaipena.
Kanpaina hotz baten ostean, tunisiarrek denak batera erantzun diote bozkatzera joateko deialdiari, eta joan den igandean parte hartzea %90ekoa izan zen erregistraturik zegoen populazioaren artean —adinez nagusi diren 7,2 milioi tunisiarren %54—. Hauteskunde eskoletan ilara luzeak nagusitu ziren egun osoan. «Gaurko eguna da benetako iraultza», adierazi zuen Jalilak, Tunis erdiguneko Marseilla kale ospetsuan botoa emateko itxaroten ari zen bitartean. «Bi ordu daramatzat errenkan, baina ez zait axola».
Gaur ezagutaraziko ditu hauteskundeetako azken emaitzak ISIE Hauteskundeetarako Instantzia Independenteak; bitartean, parte hartzearen inguruko datuak baino ez ditu baieztatu erakundeak. Datuen zenbaketa eskuz ari dira egiten, eta uste baino denbora gehiago behar izaten ari dira horretarako. Zenbait alderditako ordezkariek, dena dela, lehenengo balorazio orokorra egin dute.
Aurreikuspenak gaindituta
Ennahdaren egoitza nagusian, garaipen giroa nabaria da igande gauaz geroztik. Abdelhamid Eslassi hauteskunde kanpainaren zuzendariak atzo adierazi zuen Ennahdak lorturiko emaitzek aurreikuspen guztiak gainditu dituztela.
Rashid Ganutxiren alderdi islamista moderatuak botoen %40 eskuratuko ditu, barrutietako ikuskatzaileak ematen ari diren datuen arabera. Ikertzaile batzuen ustez, gehiengo absolutua ere lor lezake Biltzar Konstituziogilearen egituraketan. Dagoeneko, atzerrian bizi diren tunisiarren %50 eskuratu du. «Urte askotako erresistentziaren oparia da gaurkoa», nabarmendu du Mohamad Ennahda alderdiko kide batek, Zine el Abidine Ben Aliren erregimenaren garaian sufritu zuten errepresioa gogoratuz. Izan ere, alderdia ez zen iragan otsailera arte legezkotzat jo.
Ezustekorik onena hiriburuan izan du Ennahdak. Aldirietan eta eskualdeko hirietan gehiengo zabala espero bazuen ere, hiriburuko hautesleak eredu laiko baten aldekoagoak zirela zirudien. Hiriburuan bertan, eguneko anekdota bizi izan zuen igandean Ganutxik. Familiarekin bozkatzera zihoala, ilara egon gabe pasatzen ari zela aurpegiratu zioten zenbaitzuek, eta botoa emateko errenkadan jarri behar izan zuen.
Datuak datu, Ennahdako ordezkariek koalizioan gobernatzeko ideiari eusten diote. Dinamika horretan garrantzitsua izango da bigarren geratu daitekeen CPR Kongresurako Errepublika alderdiaren jarrera. Lehen zenbaketek botoen %18 eman diote Parisko erbestean sortu zen zentroko alderdiari, eta dagoeneko Ennahdari dei egin dio koalizio bat sortzeko.
Eredu laikoari ezetza
Sidi Buziden dagoen Davide nazioarteko behatzailearen ustez, «logikoa» litzateke bi alderdiek bat egitea, desberdintasun gutxi daudelako aurkeztu dituzten programen artean: «Praktikan oso antzekoak dira, baina hiritar askok zentroko alderdiari botoa ematea pentsatu dute, gehiegizko bira islamista batenganako errezeloagatik».
Porrotik handiena, ordea, ezkerreko alderdi laikoek jasan dute. Hasiera-hasieratik oso zatituta agertu dira talde progresistak, eta hauteskundeen ostean batzea erabakitzen badute ere, ez dute gehiengoa eskuratuko.
«Ez dira espero genituen emaitzak, baina herrialdearen berreraikuntza prozesuan parte hartzen jarraituko dugu», adierazi dio BERRIAri Ettakatol foroko Omezzinek. Datu ofizialen arabera, %7,5 jaso dezake Internazional Sozialistako kide den Ettakatolek. Ordezkariek hautestontzietan jasotako porrota onartueta emaitzak ez direla esperotakoak aitortu dute. Komunista ohiez osaturiko Polo Modernista Demokratikoak ere ez luke %4tik gorako babesik eskuratuko.
Tunisia. Matxinadaren osteko lehen hauteskundeak
Islamismo moderatua garaile
Gaur jakinaraziko dituzte emaitza ofizialak, baina Ennahda alderdi islamista moderatua irabazletzat jotzen dute dagoenekoIlara luzeak egin dituzte tunisiarrek botoa emateko; parte hartzea %90ekoa izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu