PJD Justizia eta Garapena alderdi islamista moderatuaren egoitzan ostiral gauaz geroztik egon da garaipen giroa. Zenbaketa guztiz bukatuta egon ez arren, Taieb Txarkaui Barne ministroak atzo baieztatu zuen: islamista moderatuak izan dira Marokoko Parlamenturako hauteskundeetako irabazleak. Banatutako 288 eserlekuetatik 80 lortu ditu PJDk, bigarren indarrak lortu duen emaitza ia bikoiztuz —45 aulki eskuratu ditu Istiklal alderdi nazionalistak—.
Hirugarren postua RNI Independenteen Berrelkartze Nazionala alderdiak lortu du, 38 diputaturekin; laugarrena, berriz, Egiazkotasun eta Modernitatearen Alderdiak, 33 eserlekurekin. Mohamed VI.a Marokoko erregearen hurbilekoak dira bi alderdiok.
Oraindik 97 eserleku daude banatzeko —emakumeentzat eta gazteentzat gordetakoak dira gehienak, gainontzekoak ez bezala hauteskunde barruti nazionalean hautatuak—, eta Rabatek gaur emango ditu azken emaitzak. Dena dela, PJDk bermatua du garaipena. «Espero baino emaitza hobeak lortu ditugu», esan du Abdelila Benkiran PJDko idazkari nagusiak. Iragan uztailean onartutako konstituzioaren aldaketaren ondorioz, erregeak boto gehien jasotako alderdiaren barnean hautatu behar du orain lehen ministro berria. Beraz, islamista moderatua izango da Marokoko hurrengo gobernuburua.
Justizia eta Karitatea legez kanpoko mugimendu islamistak, bestalde, garrantzia kendu dio PJDren garaipenari, «ez duelako aldaketarik ekarriko». Bozei boikota egiteko deia egin zuen, Otsailak 20 mugimenduak bezala.
Irregulartasunik ez
Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioak Marokora bidalitako ikuskatzaileek adierazi dute bozetan ez dela inolako irregulartasunik egon. Hala ere, nabarmendu dute «18 urtetik gorako 20 milioi marokoarrek ez dutela izenik eman hautesle erroldan». Izan ere, Rabatek bozetako parte hartzea %45ekoa izan dela esan arren, azken finean, botoa emateko eskubidea zuten herritarren %27k baino ez dute bozkatu.
Islamista moderatuek irabazi dituzte Marokoko hauteskundeak
Gobernuak gaur emango ditu azken emaitzak, baina PJD alderdiak dagoeneko bermatua du garaipena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu