Marokoko lehenengo gobernuburu islamista bihurtu da Abdelilah Benkiran PJD Justizia eta Garapena Alderdiko 57 urteko idazkari nagusia. Iragan ostiraleko hauteskundeetan garaipen zabala lortu du haren alderdiak, eta Mohamed VI.a Marokoko erregeak lehen ministro izendatu zuen atzo.
Fisikako lizentziaduna da, eta politikara salto egin aurretik Matematika irakaslea, ingeniaria eta irakaskuntza zentro pribatu baten eta hainbat enpresa txikiren zuzendaria izana da. Gobernura iritsi aurretik, hamalau urte egin ditu diputatu lanetan, eta atzora arte, ez du inoiz gorbatarik erabili. Karismaduna eta bromazalea izan arren, ez du inoiz ere erregearen gaineko kritika bakar bat ere egin, monarkiazalea baita guztiz. Mohamed VI.aren defendatzaile sutsua da Benkiran, eta baita islamarena ere. Txabiba Islamia erakundeko kide izan zen gaztetan —Omar Benjelun sozialista hil zuen talde horrek 1975ean—.
Rabateko Akkari auzoan jaiotako politikariak behin baino gehiagotan harrotu ditu hautsak homosexualen gaiarekin. «Elton John bezalako artista garrantzitsu bat gonbidatzeak homosexualitatea sustatuko luke gure herrian», ohartazi zuen iaz. Bestalde, emakumeen beloaren erabilera ez lukeela inoiz ezarriko esan zuen 2008an.•
Pertsonaia. Abdelila Benkiran
Islamista monarkiazalea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu