Parte hartze txikia eta islamisten gorakada ziren Aljeriako Gobernuaren kezkarik handienak legebiltzarrerako hauteskundeetan. Emaitza ofizialek, baina, agintarien kezka guztiak uxatu dituzte; izan ere, Barne Ministerioak adierazi du koalizio gobernuko FLN Askapenerako Fronte Nazionalak eta RND Batzorde Nazional Demokratikoak irabazi dutela. Parte hartzea, berriz, 2007an baino zazpi puntu handiagoa izan dela adierazi dute, %42,9koa. Hori horrela, gobernuak uste du herritarrek hautestontzietan gobernuak iaz hasitako erreforma prozesua legitimatu duela. Oposizioak, aldiz, iruzur salaketak egin ditu. «Ziur gaude emaitzen manipulazio handi bat egon dela», esan du islamisten Aljeria Berdea koalizioko kanpainaburu Abdel Razeq Muqrik.
Dao Uld Kablia lehen ministroak jakinarazi ditu emaitzak, eta FLN gehiengo osoaren atarian geratu dela esan du, 462 eserlekuko parlamentuan 220 ordezkari lortuta. 2007ko hauteskundeetako emaitzak nabarmen hobetu ditu, orduan botoen %35 lortu baitzuen, eta oraingoan, aldiz, %47,6. Aliatu duen RNDk, berriz, pixka bat atzera egin du, eta 68 legebiltzarkide izango ditu parlamentu berrian. Hori horrela, agintean diren bi alderdiek ez dute arazorik izango koalizio gobernua errepikatzeko, parlamentuaren osaketa oso gutxi aldatu baita.
Udaberri arabiarraren bultzadari esker islamistek gora egitea espero zuten, Tunisian, Egipton eta Marokon gertatu den bezala. Lehen ministroak emaitzak jakinarazi aurretik bigarren indarra izango zirela adierazi zuen Aljeria Berdea islamisten koalizioak. Kabliak, ordea, esan du 40 eserleku besterik ez duela lortu alderdiak. Emaitza ofizialak ezagutu ondoren agintean diren alderdien emaitzek gorakada «zentzugabea» izan dutela salatu dute islamistek euren webgunean. Aljeria Berdeak zenbaketa propioa egin du, eta, haren emaitzen arabera, FLNren atzetik herrialdeko bigarren indarra dira —101 eserleku lortu dituztela diote—.
Gobernua, erreformen bidean
Gobernua, berriz, pozik agertu da hauteskunde prozesuarekin, eta herritarrak zoriondu ditu. Erreformak egiteko hasitako bideari jarraitzeko konpromisoa berretsi du, «demokrazia osoago bat lortzeko». Bozketa normal-normal eta liskarrik gabe egin izana nabarmendu du, eta azaroan egingo dituzten herri eta senatuko bozetarako nahiz 2014ko presidentetzarako bozetarako aurrekari bat ezarri dutela adierazi du gobernuak. «Kanpoko indarrek ezingo digute esan herri honetan zer egin behar dugun», adierazi du Kabliak, lortutako emaitzekin adoretuta. Udaberri arabiarrak herrialdean izan dezakeen eragina gutxietsi du era horretan, «arriskuaz» galdetu dioten kazetarien aurrean.
Bestalde, RCD Kulturaren eta Demokraziaren Aldeko Bilguneak ere irregulartasunak salatu ditu —bozei boikota egin die—. Parte hartzea %18an kokatu du alderdiko presidente Mohcen Belabbesek, eta gobernutik filtratutako informazioa duela nabarmendu du. Hautestontziak «berriz» bete dituztela eta hautesle faltsuz betetako autobusak antolatu dituztela kritikatu du, baina «abstentzioa erabat agerikoa» izan dela dio. Era berean, hauteskunde egunaren amaieran gobernuak iragarri zuen parte hartzearen bat-bateko gorakada ere susmagarritzat jo du RCDk, eta hauteskunde prozesua «patetikotzat eta irrigarritzat» jo du. Egungo parlamentuan hemeretzi ordezkari ditu alderdiak, baina, emaitzak aldez aurretik erabakita zeudela argudiatuta, bozei boikota egitea erabaki du.
Bestalde, ezkerreko FFS Indar Sozialisten Fronteak adierazi duulertzen dituela abstentziorako arrazoiak, eta urteetako iruzurrari egotzi dio herritarren apatia. Urte luzez herritarren eskubideei jaramonik egin ez izana ere kritikatu du FFSk. «Aldaketa demokratikoaren alde protesta baketsuak egin dituzten ekintzaile konprometituen eta diru zikina eta despolitizazioa besterik nahi ez dutenen artean banaketa sakon bat gertatu da», adierazi du Ali Laskri alderdiko idazkari nagusiak.
Nazioartearen kritikarik ez
Iruzur salaketek bozen biharamuna belztu dute Aljerian. Oposizioko alderdien kritikak, baina, ez datoz bat nazioarteko behatzaileen iritziarekin. Guztira atzerriko 500 begirale aritu dira bozak gertutik zaintzen, eta ez dute iruzurrik salatu. EB Europako Batasuneko behatzaileek adierazi dute ez dutela «larritzeko moduko irregulartasunik» ikusi.
EBko misioaren buru eta Espainiako PPko eurodiputatu Jose Ignacio Salafrancak positibotzat jo du gobernuak eman duen parte hartzearen datua, eta «erreforma prozesua lehen urrats gisa» uler daitekeela adierazi du. Dena den, behatzaileek hainbat arazo izan dituzte lan egiteko orduan, lehen ministro Kabliak ez baitie nazio erroldaren daturik helarazi. Herritarren datu pribatuak dituela esanez arrazoitu du gobernuak erabakia. Oposizioak, ordea, errolda puztuta dagoela salatu du, eta bozkatzeko eskubidea duten hainbat lagun ez direla bertan agertzen.
Bozetatik atera den legebiltzarrak herrialdeko konstituzioa aldatzeko betebeharra izango du, gobernuak hitzemandako erreforma prozesuaren arabera, eta hori baino lehenago lehen ministro berri bat aukeratu beharko dute. Iaz gobernuaren aurka protesta egitera kalera atera zirenen aurka bortizki erantzun zuen gobernuak hasiera batean. Ondoren, Tunisian eta Egipton gertatutakoa saihesteko asmoz, hainbat erreforma iragarri zituen herritarren haserrea baretzeko.
Islamistek iruzurra salatu dute Aljeriako Legebiltzarrerako bozetan
Emaitza ofizialek diote gobernu koalizioko FLN eta RND alderdiek irabazi dutela eta alderdi islamistek indarra galdu dutelaParte hartzea %42,9koa izan da, 2007ko bozetan baino zazpi puntu altuagoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu