Bake ekintzaile nekaezina da Mazin Kumsije (Beit Sahur, 1957). Betleem eta Bir Zeit unibertsitateetako irakaslea izateaz gain, indarkeriarik gabeko erresistentziaren inguruko ikerketa ugari egin ditu. Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak kanpaina babesten duen ekintzaile palestinar aktiboa da era berean. Azken hilabeteetan Ongi Etorri Palestinara ekimena antolatzen aritu da buru-belarri. Israelgo Estatuaren erantzunaren inguruan bere «sumindura» agertu nahi izan dio BERRIAri.
Israelek Europako hainbat hegazkin konpainiari ustezko 400 ekintzailez osaturiko zerrenda beltz bat pasa die, eta bidaiatzea debekatu diete. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Europako herrialdeen jarrerarekin harrituta gaude, bidaiatzeko eskubidea galarazi baitiete nazioarteko ekintzaileei, eta oinarrizko eskubidea den mugimendu askatasuna galarazi. Frantziako ekintzaileen gehiengoari debekatu egin diete bidaiatzea, baita alemaniarrei eta italiarrei ere. Hala ere, beste asko duela aste batzuk iritsi ziren, eta Palestinan daude jada. Etortzen direnak etortzen direla, guk gure programarekin jarraituko dugu.
Israelek muturreko segurtasun neurriak ezarri ditu Ben Gurion aireportuan eta beste mugetan, datozen egunotarako. Benjamin Netanyahuk «probokazioen aurrean» edozer egiteko prest zegoela esan zuen...
Israel boterearen harrokeriaz baliatu da, proiektu bakezalea zapuzteko. Eta mezu argia eman nahi izan die aurrerantzean Palestinara etorri nahi duten ekintzaileei; hain zuzen, gobernuak nahi duen bezala jokatuko duela, inolako ondoriorik pairatu gabe. Gure ustez, oso era negatiboan jokatu dute, eta horrek boomerang efektua eragingo dio gobernuari. Israel behin eta berriz saiatzen da nabarmentzen Ekialde Hurbileko herrialde demokratiko bakarra dela, baina gaur gertatutakoak agerian utzi du adierazpen askatasunean eta giza laguntzan sinesten ez duen estatu faxista dela. Askatasunaren Flotillarekin iaz gertatu zen bezala, neurriz kanpokoa izan da erantzuna, eta nazioarteko legediarenganako errespetu falta erakutsi du. Eta gure galdera da: zeren beldur dira?
Flytilla izenez izendatu zaituztete zenbait hedabidek egunotan. Zer irizten diozu hedabideen segimenduari?
Oro har, propaganda sionistari jarraitu diote, eta giza laguntzari gizatasuna kentzen saiatu dira. Israelgo makinaria diplomatikoa berehala jarri da martxan gure ekimenaren izena zikintzeko, eta, zoritxarrez, agenda sionistarekin bat egin dute hedabide batzuek. Azken egunotan astakeriak entzun ditugu; adibidez, ekimena antolatu dugula Askatasunaren II. Flotilla Grezian blokeatuta geratu ostean eta, beraz, airez etorritako ekintzaileez osaturiko beste flotilla bat antolatzen ari ginela. Ez da egia. Ongi Etorri Palestinara ekimen independentea da, luzaroan hezurmamitzen aritu garena. Uztailaren 9ko eguna aspaldian aukeratu genuen; izan ere, gogora ekarri nahi genuen Nazioarteko Justizia Auzitegiak Zisjordaniako harresia eta koloniak legez kanpokoak direla ebatzi zueneko zazpigarren urtemuga.
Gobernuz kanpoko berrogei bat erakunderen artean antolatu duzue ekimena. Zein da helburua?
Gure xedea izan da nazioarteko ehunka ekintzaile bakezale Palestinara ekartzea, lehen pertsonan ikus dezaten nolakoa den palestinarren eguneroko bizitza okupazio egoeraren ondorioz. Palestinarrak eta kanpokoak elkartu nahi izan ditugu, bake justu baten aldeko estrategiak truka ditzagun. Horretarako, zenbait ekintza antolatu ditugu astebetez, bisitariek ikus ditzaten lurralde okupatuetako errealitate ezberdinak: iheslariak, koloniak, harresia, beduinoak... Oro har, Israelgo Estatuak inposatzen duen apartheid politikaren ondorioak erakutsi nahi dizkiegu, nazioarteko elkartasun sarea sendotzen joateko eta gure erresistentzia berpizteko. Beste herrialde arabiarretan gertatu den bezala, guk ere Palestinar Udaberria bultzatu nahi izan dugu.
Nazioarteko elkartasunaren aldeko apustu irmoa egin duzue. Nolakoa iruditu zaizue sartu ahal izan duten ekintzaileen erantzuna?
Zenbait egun pasa arte ez dugu ziur jakingo zenbatek lortu duten Palestinara sartzea, baina ekintzaileek hasieratik erakutsi dute gure ekimenaren aldeko uste sendoa. Aireportuko galdeketetan argi esan diete Israelgo segurtasun indarrei Palestina bisitatzera datozela. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu ekimen hori; izan ere, lurralde okupatuetako sarbide guztiak kontrolatzen ditu Israelek. Ben Gurion aireportuko blokeoa apurtzen saiatu dira, eta hori ezinbesteko aurrerapausoa da.
Mazin Kumsije. Ongi Etorri Palestinara ekimeneko bozeramailea
«Israel boterearen harrokeriaz baliatu da, proiektu bakezalea zapuzteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu