Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak Israel eta Palestinaren arteko gatazka konpontzeko irtenbide bakarra "bakezko koexistentzian biziko diren bi estatu sortzea" dela adierazi du gaur. Hau da, "biak bakean eta seguru bizitzea posible izango duten Israel eta Palestina estatuak eratzea".
"Neu saiatuko naiz irtenbide hori bideratzen, lan horrek beharrezkoa duen pazientzia guztiarekin", adierazi du Obamak. Kairon (Egipto) egin ditu adierazpen horiek. Izan ere, Ekialde Hurbilean bira egiten ari da. Oraingo biran, behintzat, Obamak ez du Palestina bisitatzeko asmorik, ezta Israelen izateko ere.
Hamas Palestinako erakundeak AEBetako presidenteari Israelen Palestinako okupazioa bukatzen laguntzeko lan egiteko eskatu dio, Gazak jasaten duen blokeoa amaitzeko ere bai, eta zuzenean Hamasekin hitz egiteko. "Obamak zer jarrera daukan ikusteko balioko du". Gaza bisitatzeko gonbitea egin dio. Hamasek gutuna bidali dio.
AEBek erakunde terroristen zerrendan sartuta dute Hamas. Hau da Gazako indar nagusia.
Horrez gain, Obamak AEBen eta musulmanen munduaren artean dagoen "ezadostasunen zikloa" amaitu egin behar dela adierazi du. Horretarako, alderdi bien interesetan eta errespetuan oinarritutako "hasiera berria" eskaini die.
Urtarrilaren 20an hartu zuen AEBetako presidente kargua, eta lehen aldiz joan da Ekialde Hurbilera. Bake prozesuak aurrera egiteko konpromisoa hartu du, eta bertako herrialde batzuekin lankidetzan ariko dela iragarri du.
MunDUA
Israel eta Palestinaren arteko gatazka konpontzeko irtenbidea bakoitzak estatu bana izatea da Obamarentzat
AEBetako presidentea Egipton da gaur, eta Ekialdeko Hurbileko bere lehen biran ez da joango Palestinara eta Israelera. Bake prozesuak aurrera egiteko konpromisoa hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu