Israel kezkatuta dago Irakek abiarazitako programa militarrarekin

AEBek Bagdadi saldutako hegazkinek Tel Aviven aireko nagusitasuna zalantzan jarriko duten beldur da

Erredakzioa
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Hainbat hedabideren arabera, Israel hurbiletik zaintzen ari da Irak, iragarritako programa militarrare bidez, eta adierazpen publikorik egin ez duen arren, Tel Aviv kezkatuta dago horrekin, Iranek Bagdadeko agintariengan izan dezakeen eraginagatik. Haren programa nuklearra dela eta, Israelek Irani erasotzeko mehatxua egina du, eta gerra lehertuz gero, Iraken posizioaren beldur dira Israelgo militarrak, The Jerusalem Post-ek dioenez, Tel Aviveko zerbitzu sekretuetako iturriak aipatuz. Irakek 85.000 milioi dolarreko programa militarra aurkeztu du —ia 65.000 milioi euro—.

The Jerusalem Post-en arabera, Israelen kezka iturri nagusienetako bat AEBek Iraki egindako gerra hegazkinen salmenta izan da. Zerbitzu sekretuetako iturriak Jerusalemgo egunkariari adierazi dionez, Bagdadi saldutako F-16 hegazkinak lehendik Israeli saldutakoen «konfigurazio berekoak» dira. Horren arabera, AEBek Ekialde Hurbilean betidanik izandako politika hautsi nahi dute, Israeli beti saldu diotelako gainerako aliatuei —Saudi Arabiari, Egiptori edo Jordaniari, adibidez— baino teknologia aurreratuagoa. Hain zuzen, Israelek du aireko armada boteretsuena Ekialde Hurbilean. 1981ean Israelgo hegazkinek erreaktore nuklear bat eraikitzeko lanak suntsitu zituzten Iraken, Bagdadetik 17 kilometrora.

«Ongi neurtutako» salmenta

AEBetako Defense Industry Daily egunkariaren arabera, ordea, Iraki egindako salmentak ez du hori aldatuko. «Mugimendua ongi neurtuta dagoela dirudi, Iraki aireko defentsarako indarra emanez Siriatik eta Irandik handitzen ari diren mehatxuei aurre egiteko, baita Iraken bertan erasoak egiteko, inguruko aireko armada indartsuagoentzat mehatxua izan gabe». Defense Industry Daily-ren arabera, Iraki saldutako hegazkinek Arabiar Emirerri Batuei saldutakoek baino «ahalmen gutxiago» dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.