ISRAEL. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Beste urrats bat eskuinera

Inkestei kasu eginez gero, Netanyahuren Likud alderdiak irabaziko ditu bozak, egun agintean dagoen Kadimaren kalterako

arantxa elizegi egilegor
2009ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Amaitu ziren ezkerreko alderdiak nagusi ziren garaiak; amaitu gatazka elkarrizketen bidez konpontzeko ahaleginak. Kadima bera, egun agintean dagoen alderdia, PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin hitz egitearen aldeko agertu zen hasieran, baina gero ez du zalantzarik egin Gaza bonbardatu eta ia 1.400 palestinar hiltzeko -haurrak herenak-. Eta, hala ere, «epelegi» irizten diote askok Ehud Olmerten alderdiari. Gero eta jende gehiagok uste du Olmertek «azkarregi» amaitu zuela erasoaldia, etengabe bonbardatzen jarraitu behar zuela, «Hamas erabat suntsitu arte». Horregatik agian, nabarmen egin du gora Benjamin Netanyahuren Likud alderdiak. Inkesten arabera, astearteko bozetan, zentro-eskuineko taldeak bikoiztu egingo ditu egun dituen eserlekuak, 12tik 28ra pasatuta. Aldiz, Kadima -zentro-eskuinekoa hori ere-29 diputatu izatetik 25 izatera igaroko dela diote inkestek. Aldea, ordea, oso txikia da, kontuan hartuta herritarren %20k -milioi bat inguruk- oraindik ez dutela erabaki noren alde egingo duten.

Alderdi Laborista da, hala ere, lehia honetan gehien galtzen ari dena. Izan ere, historian lehen aldiz, laugarren geratzeko arriskuan dago. Avigdor Liebermanen Yisrael Beiteinuk aurrea hartu dio, batez ere, 16 eta 18 urte artekoak erakartzen jakin duelako. Horiek hala, azken inkestek iragartzen dute 18 diputatu ere lor ditzakeela -11 ditu egun-. Askok arrazistatzat jotzen duten hautagai horrek botoak bereganatzeko baliatu du Gazaren aurkako erasoaldia. Israeldar askok oraindik gogoan dute nola, Ariel Sharon lehen ministro ohiaren aginduz, kolonoak indarrez bidali zituzten Gazatik; eta Olmerti egozten diote, nolabait, eskualdea Hamasen kontrolpean geratu izana. Ondorioz, Liebermanen hitz gogorrek gero eta jarraitzaile gehiago dituzte. «Herrialde honek diktadura bat behar zuen aspaldi. Ez naiz ari muturreko jarrerak dituen diktadura bati buruz. Gauzak bere lekuan jarriko dituen norbait behar dugu. Lieberman da egia dioen bakarra», dio Adds Edan 18 urtekoak.

Bestalde, azken egunetan,Kadima eta Likuden arteko aldea murriztu den arren, Israelen ia ezinezkoa da alderdi bakarrak gehiengoa lortzea Legebiltzarrean. Hautesleek alderdi baten alde bozkatzen dute, eta talde bakoitzak lortzen dituen botoen arabera banatzen dira Parlamentuko eserlekuak ere. Beharrezkoa da botoen %2 lortzea diputatu bat izateko. Beraz, bozak irabazi ostean, koalizio gobernua osatzea da hurrengo pausoa.

Txikien indarra

Koalizioak osatzen hasita, eskuin muturreko Shasen gisako alderdi txikiak ezinbestekoak dituzte Likudek eta Kadimak. Ez batak ez besteak ez luke gehiengoa lortuko soilik Yisrael Beiteinu edo Alderdi Laboristarekin batuta. Ondorioz, talde txikiagoek ere botere handia dute. Horretaz gain, kontuan izanda Benjamin Netanyahuk eta Tzipi Livnik uko egin diotela alderdi musulmanekin bat egiteari, zentro-ezkerreko koalizioa osatuz ez lukete gehiengoa eskuratuko.

Bestetik, Israelen gertatzen denak eragin zuzena izango du Ekialde Hurbileko gatazkan, eta, batez ere, palestinarren geroan. Hamasek urtebeteko tregoa eskaini dio Tel Avivi, eta urte erdira luzatzeko prest agertu da, betiere hark Gazaren gaineko blokeoa amaitzen badu. Baina, inkestei jarraiki, eskuineko koalizioa nagusitzen bada Legebiltzarrean, oso posible da Tel Avivek Hamasen proposamenari uko egitea. Azken finean, egiten duena egiten duela ere, nazioartearen sostengua izango du Israelek. Ez da ahaztu behar munduko potentzia nagusia, AEBak, estatu juduaren aliatua dela.



Hiru urte Ariel Sharonkoman sartu zenetik

Duela hiru urte pasatxo, 2006ko urtarrilaren 4an, garuneko isuria izan zuen Israelgo lehen ministro zenak. Hasieran Ariel Sharonen osasun egoera ez zela larria zabaldu zen, baina, orduak igaro ahala, onartu behar izan zuten ez zegoela zereginik. Geroztik, koman dago buruzagi ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.