Israel lur erasoaldia hasteko zain dagoela, borroka gogorrak izan dira

Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorren arteko ezadostasunek galarazi egin dute ebazpen bat izatea

2006ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Libano hegoaldean lurreko erasoaldi handiago bat noiz abiatu zain dago Israel. Mugan 40.000 soldadu agindua emateko zain daude. Libano barruan dauden soldaduak, berriz, borroka gogorrak izan zituzten atzo Hezbolarekin. Tel Avivek lurreko oldarraldia zabaltzea erabaki zuen herenegun arratsean bildutako segurtasun kabinetean. NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan konponbide bathitzartzeko ahalegin diplomatikoei denbora gehiago ematearren, erasoa atzeratzea ebatzi du Israelek. Nazioarteko erakundearen ebazpena, baina, luzatzen ari da eta litekeena da gustukoa ez izateko kasuak erasoaldia abiatzea.

Libano hegoaldean jada dauden soldadu israeldarrek borroka gogorrak izan zituzten atzo Hezbolarekin. Marjaiun eta Khiam herrien inguruetan izan ziren borrokak. Marjaiun herriaren gaineko kontrola hartu zuen soldaduek. Khiamen, aldiz, gerrillari xiitek gogor egin zioten eta soldadu israeldarrak herrian sartzea eragotzi zuten. Israelgo armadako tanke andana suntsitueta zortzi soldadu israeldar zauritu zirela adierazi zuen Hezbolak. Herenegun izandako borroketan, aldiz, 15 soldadu israeldar hil eta beste 38 zauritu zirela esan zuen. Hezbolak, berriz, hiru gerrillari galdu zituela aitortu zuen.

Ehud Olmert Israelgo lehen ministroaren inguruan asteazken arratsean bildutako segurtasun kabineteak lur erasoa zabaltzeko erabakiaren inguruan mintzatu zen atzo Hezbola. Hassan Nasrala buruzagiak hegoaldea «erasotzaile sionistentzat hilerri bat» bilakatuko dela adierazi zuen. Israelera koheteekin egiten dituzten erasoak areagotu egingo direla ohartarazi zuen. Haifa hiriko bizilagun arabiarrei euren etxeetatik ateratzeko gomendioa eman zien. Hezbolak botatako kohete batek, bestetik, ume bat eta haren amaren heriotza eragin zuen Deir al Assaden -herri arabiarra-.

Libano hegoaldeari airez eta lurrez eraso zion atzo Israelek. Beirut hiriburuan erasoak areagotzeko asmoa duela jakinarazi zuen armadak. Burj el Barajne, Hai el Sulum eta Shia auzune xiitetan afixak bota zituzten bizilagunei alde egiteko aholkua ematen. Israelgo itsas armadak irrati publikoaren bi errepikagailu suntsitu zituen. Koreitem kostaldeko auzuneko itsasargia ere suntsitu zuten hegazkinek. Bekaako haranaren bonbardaketetan, aldiz, lagun bat hil zen eta 15 zauritu.

Litani ibaia arte lurreko erasoa abiatzeko erabakia atzeratu izana ahalegin diplomatikoei emaitzak lortzeko denbora gehiago eman ahal izateko dela azaldu du Israelek. Ahalegin hauek porrot egitekotan, «bitarteko militar guztiak» baliatuko dituztela ohartarazi zuen Amir Peretz Defentsa ministroak: «Hezbola amaituko dugu».

NBE-REN EBAZPENAREN ZAIN. NBEko Segurtasun Kontseiluko kideak eta bereziki kide iraunkorrak, alta, ados jartzeko zailtasunak dituzte. Ameriketako Estatu Batuak eta Frantzia ez dira bat etortzen su-eten bat lortu eta gero, Israelgo armada Libano hegoaldetik erretiratzeko egutegiaren eta baldintzen inguruan. Washingtonek eta Parisek moldatutako lehen ebazpen proiektua atzera bota zuen Libanok. Jarrera hau aintzat hartu behar dela iritzi dio Frantziak.

Libano hegoaldeko herritarrak, bestetik, egoera larrian daude. Bertako 120.000 lagunengana ezin direla iritsi eta giza laguntzaren premia larrian dutela esan zuen NBEko giza laguntzarako idazkariorde Jan Egelandek: «Guztiz lotsagarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.