Ordu txikietako lasaitasunaz baliatuta, Isralego armadak nazioarteko uretan zeuden giza laguntzarako sei ontziri eraso zien atzo goizaldean, eta gutxienez hamar zibil hil -hildakoak hemeretzi direla diote zenbait iturrik-. Zaurituak, berriz, dozenaka dira, gehienak turkiarrak. «Bandera zuria atera genuen, baina tiro egin ziguten», salatu zuen ekintzaileetako batek. Lerro hauek idazteko unean ontzietan zihoazenak artean inkomunikatuta zeuden, eta Askatasunaren Flotillako ontziak Ashdodeko portuan (Israel) blokeatuta. «Telefonoak, ordenagailuak, dena kendu diete, inorekin hitz egin ez dezaten. Israelek argi utzi du ez duela gerra krimenak egiteko beldurrik, ez Gazako zibilen aurka, ezta giza laguntza daramaten ehunka ekintzaileren aurka ere», adierazi dio Zipretik BERRIAri Free Gaza mugimenduko kide Greta Berlinek. Horrek eta Turkiako Giza Laguntza, Giza Eskubideak eta Askatasuna taldeak antolatu dute Gazarako konboia. Bigarrena legezkoa da mundu osoan, Israelen izan ezik. «Ez genuen uste nazioarteko uretan erasotzera ausartuko zirenik. Krimen bat izan da», salatu du taldeko kide Omer Faruk Korkmazek.
Israelek, ordea, aurre egin die kritikei, argudiatuz soldaduek «beren buruak defendatzeko» egin zutela tiro. «Makilaz eta labanaz eraso zieten. Beren biziak babesteko egin zuten tiro, eta, tamalez, borroketan hainbat lagun hil ziren», adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk. Gobernuburua Kanadan zen erasoa gertatu zenean, eta Washingtonera egitekoa zuen bidaia bertan behera utzi du, Israelera itzultzeko.
«Probokazioa»
Nazioartetik kritika eta gaitzespen zaparrada etorri arren-zenbaitek harremanak etetearekin ere mehatxatu dute-, damu izpirik ez du agertu Tel Avivek egindakoaren inguruan. Armadaburuek eurek nabarmendu dute militarrek «ausart» jokatu dutela ekintzaileen «probokazioen kontra». Haiekin bat egin du Mark Regev gobernuko eledunak ere: «Konfrontazio bila zebiltzan. Tiro egin zieten gure soldaduei. Haiek hasi zuten indarkeria, hori erabat argi dago». Tel Avivek iragarri du lehenbailehen deportatuko dituela atxilotuak, eta laguntza, berriz. Preso hartutakoen artean daude Europako Legebiltzarreko hainbat diputatu, eta Mairead Corrigan Bakearen Nobel saridun irlandarra.
Mavi Marmara ontzian zihoazenetako bat da Manuel Tapial espainiarra, Kultura, Bakea eta Elkartasuna gobernuz kanpoko erakundeko kidea. Hark herenegun gauean ohartarazi zuen zer gerta zitekeen Internet bidez helarazitako ohar baten bidez: «Israelgo armadaren hamalau ontzi, helikopteroak eta zodiacak dauzkagu inguruan. Erne, badirudi ontziz ontzi joateko asmoa dutela». Ordu batzuk lehenago, itsasontzi horretako kapitainak fax bat jaso zuen, ohartaraziz eremu militarrera sartzera zihoala. Nazioarteko legean adituak direnen arabera, ordea, nazioarteko urez jabetu da Tel Aviv legez kanpo, eta hori delitu larria da.
Botikak eta liburuak
15.000 tona botika, aulki gurpildun, liburu eta janari, horixe da sei ontziek zeramaten zama arriskutsua. Antolatzaileak beldur ziren zer gertatuko zen, baina ez zuten uste Netanyahuren gobernua halakorik egitera ausartuko zenik. «Giza laguntza eramatea zen gure helburu bakarra, eta tiroka hartu gaituzte. Gauza bera egin dute palestinarrekin 62 urtez», azaldu du Berlinek. «Bakezaleak gara; ez zen beharrezkoa halako ankerkeriaz jokatzea», zioen erasoan zauritutako ekintzaileetako batek erietxera bidean.
Hain zuzen ere, Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasek sarraskitzat jo du ekintza, eta hiru eguneko dolualdia antolatu du. «Gizateriaren aurkako krimena da», esan du PANeko eledunak, Nabil Abu Rudeinak. Hamasek, berriz, eraso «ankerra» salatu, eta Gorrotoaren Egunera deitu du. Bide beretik, PANi eskatu dio Tel Avivekiko negoziazioak bertan behera uzteko.
ISRAEL. NAZIOARTEKO KONBOIAREN AURKAKO ERASOA. Laguntza konboi bateko hamar kide hil ditu Israelek nazioarteko uretan
Soldaduek «beren buruak defendatzeko» egin dutela eraso argudiatu du Tel Avivek; ekintzaileek gezurtatu egin dute hori. PANek hiru eguneko dolualdia antolatu du, eta Hamasek Gorrotoaren Egunera deitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu