Israeldarrak eta palestinarrak «orain» biltzea nahi du Laukoteak

Kolonbiara joan da Mahmud Abbas, NBEko Segurtasun Kontseiluan herrialde horren babesa lortzeko

Erredakzioa
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Ekialde Hurbilerako Laukoteak —AEBak, EB, Errusia eta NBE— lehenbailehen eserarazi nahi ditu palestinarrak eta israeldarrak negoziazio mahaiaren bueltan, eta horretarako presioa handitu du. Catherine Ashton EBko Atzerri Politikarako goi mandatariak «egiazko irtenbide bat lortzeko» bi aldeak «orain» biltzea beharrezkoa dela adierazi du, eta elkarrizketak prestatzeko bi aldeekin bilduko dela iragarri du.

Bitartean, PAE Palestina Askatzeko Erakundeak Tony Blair Laukotearen ordezkari bereziaren neutraltasuna zalantzan jarri du. «Ez da ongi etorria, bakea bilatzen duen nazioarteko batzorde neutral bateko ordezkari gisa bere egitekoa zapuztu baitu», adierazi du PAEk, Blairri Israelen alde egitea leporatuz. Are gehiago, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bozeramaile bilakatu dela kritikatu du. Laukoteak hilabeteko epea eman zien bi aldeei lehen bilera egiteko, eta 2012rako behin betiko bakea bermatuko duen azken akordioa lortu beharko lukete.

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak israeldarrekin negoziatuko dutela adierazi du, «palestinarrok ez dugulako gerra gehiago nahi». Oraingoz ez dute Laukotearen proposamena onartu, negoziatzeko Israelek koloniak eraikitzeari uztea exijitzen baitute.

Bederatzigarren boza

PAEren proposamenak aurrera egingo badu NBEko Segurtasun Kontseiluko bederatzi herrialderen babesa behar dute. Zortzi herrialdek eman diote baietza, eta azken botoa lortzeko kanpaina egiten ari da Abbas. Kolonbiara joan da, eta bertan Juan Manuel Santos presidentearekin bilduko da gaur babesa eskatzeko. Kolonbiak,negoziazioetan bitartekari izatea eskaini dio Abbasi. Bederatzi boto lortuta ere, AEBek betoaerabiliko duela iragarri du.

Bestalde, gizonezko bat hil da Gazan, leherketa batean. Palestinarren arabera, Israelgo patruila batek tiro egin dio. Tel Avivek, berriz, segurtasun hesian lehergailu bat jarri nahian zebilela dio, eta eskutan lehertu zaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.