Israeldarrak kanporatzeko borroka armatuari eutsiko diola jakinarazi du Hamasek

Alderdi islamistak dio «sekula» ez duela onartuko Israel; NBEren esku hartzea eskatu du PANek koloniak eteteko

2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Erresistentzia eta borroka armatua dira Palestina osoa askatzeko ditugun aukera bakarrak», adierazi du Ismail Hanije Gazako lehen ministro eta Hamaseko buruzagiak, alderdi islamistaren 24. urteurrenean. «Inbaditzaile israeldarrak» palestinarren lurretatik kanporatzeko prest agertu da Hanije, eta Israel «sekula» ez dutela onartuko gaineratu du, milaka jarraitzaile sutsuren oihu eta txistuen artean.

1978tik, mugimendua sortu zutenetik, inoiz jaso duten babesik handiena bildu dutela diote Hamaseko kideek. Gazako Al Kativa plaza berdez jantzi dute jarraitzaileek alderdiaren banderekin. Ekitaldian batasun nazionalaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute alderdiko buruzagiek. Eta horretarako Al Fatarekin negoziatzen jarraituko dutela iragarri dute.

Mahmud Zahhar Hamaseko sortzaileetako bat izan zenak eta egun alderdiko buruzagi denak, berriz, batasun nazionaleko gobernua eratzeko bozak maiatzean egitea zalantzan jarri du. Hamas eta Al Fatako buruzagiak iragan azaroaren 24an bildu ziren akordioa bideratzeko eta epeak zehazteko. Orduan, maiatzean hauteskundeak egingo zituztela jakinarazi zuten; baina, Zahharren hitzetan, segurtasun kontseilu bat eratu behar da hauteskunde garbiak bermatzeko, eta ez dute oraingoz ezertxo ere egin. Horrez gain, bi aldeek «ezadostasun guztiak» konpondu zituztela adierazi bazuten ere, adiskidetze bidean aurrerapausorik ez dutela eman argitu du Hamaseko buruzagiak.

Bestalde, Israelgo Gobernuak Guilad Shalit soldadu israeldarraren truke 1.027 preso askatzeko Hamasekin egindako akordioaren bigarren fasea beteko du. 550 preso askatuko dituzte orain eta horietako 182ren izenak jakinarazi ditu Preso Palestinarren Klubak. Hamaseko iturrien arabera, datorren igandean bete dezake Israelek hitzarmena.

Kaleratu zituzten lehen presoak izenez izen negoziatu zituzten bi aldeek, baina oraindik preso dauden 550 horien zerrenda Hamasen oniritzirik gabe osatu du Tel Avivek.

Eskari antzua

Israelen kolonia politika eteteko esku hartzeko eskatu dio, bestalde, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkari Riad Mansurrek Segurtasun Kontseiluari. «Palestinarrek nazioarteko legea betetzen dugu, israeldarrek aldiz, ez», adierazi du. Hori horrela bortxaketa oro geldiarazteko erabaki irmo bat hartzeko eskatu du. Eskaera antzua dela jakitun da, dena den PANeko ordezkaria, erakunde horretan Israelen aurkako ekintza oro «galarazten» duten herrialdeak egonda.

PANeko buruzagi Mahmud Abbasek, berriz, palestinarren arteko batasuna lortzeko lan egingo duela hitz eman dio EB Europako Batasunari. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluaren presidenteak, hain zuzen, etorkizuneko Palestinako gobernuak Abbasek hartu dituen konpromisoak berrestea garrantzitsua dela adierazi du. EBk bi estaturen irtenbidea babesten duela ere adierazi du, eta horretarako negoziazioak berriz martxan jartzeko eskatu du.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, bestalde, kolonoek militarrei eraso egitea eragozteko talde bat jarri du lanean. Herenegun base militar bati eraso egin zioten eskuin muturreko hainbat ekintzailek eta gobernuak oso haserre erantzun du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.