Israelgo presidente Shimon Peresekin, iritsi orduko, izan duen lehen solasaldian, Bushek zera azaldu du: «Israelen eta palestinarren arteko gatazkaren oinarrizko arazoak aipatzera etorri naiz, eta, nire ikuspegitik, bi herrientzako bi estatu egitearen konponbidea lortu behar da urte honen amaierarako». Helburu horretan, AEBen betebeharra da «bakerako bidea erakustea», Bushen iritziz. «Israeldarren eta palestinarren eginbeharra da, ordea, bide zail horretan aurrera egitea».
Hitz leun horiez kanpo, adierazpen kalapitatsuagoak egin ditu, baina, AEBetako presidenteak. Hala, Washingtonen eta Tel Aviv artean aspaldiko adiskidantza hizpide zuela, hauxe azaldu du Bushek: «Gure bi herrialdeen arteko aliantzak segurtasun bermeak ematen dizkio Israeli, estatu judu gisa egotearren». Hitz hauek gogor arbuiatu ditu Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak. «Gure lurrak okupatzen dituen estatuaren judu izaeraren onarpena dira adierazpen hauek», salatu du Hamaseko bozeramaile Sami Abu Zuhrik. «Palestinako herriaren eskubideak zapuztuta, gure lurretan apartheid erregimena egoteari AEBek dakarkioten sostenguaren adierazle dira».
Hortaz, palestinar mugimendu islamistaren eledunak zera ondorioztatu du: «Adierazpen larri hauek argi erakusten dute zeintzuk diren Bushen egitasmoak: etorri da okupazio potentziari sostengu gehiago ekartzera, gure herriaren nazio eskubideen kaltetan».
ABBASEKIKO BILERA. Bush Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekin bilduko da bihar Ramalan. Elkartze hau gertatu aurretik, Israelgo Gobernuarekiko negoziazioetako arduradun nagusi Saeb Erekatek garrantzia handiko iritzi dio Bush Zisjordaniara joatea, «Israelekiko bake elkarrizketak akuilatzeko balio izango duelako».
Bush, jakina, ez da Gazara joango, lurralde honetan indarrez boterea kontrolatzen baitu -2006an botoetan nagusitu zen- Washingtonek «erakunde terrorista» gisa sailkatuta daukan alderdi palestinar nagusiak, Hamasek. Bushen bisitaldia salatzeko manifestaldiak egin dituzte egunotan Gazan. Hamaseko jarraitzaileez gain, haatik, Abbas buru duen Al Fatako kideak ere kalera jaitsi dira protestan. «Bushi eskatzen diogu okupazio potentziaren aldeko bere jarrera makurra uzteko eta zuzenbidezko jokabide bati ekiteko» azaldu du manifestarien artean Zakaria al-Agak, Gazarako Al Fatako goi arduradunak.
Anartean, Israelgo armadak oldar egite odoltsuekin segitzen du Gazan; atzo bertan bi palestinar hil eta beste lau zauritu zituen, Beit Lahian eginiko aire erasoan.
Israelen eta palestinarren artean «alderdikeriaz ez» dabilela agertu nahian edo, Bushek ekintzaile palestinarrek egunero egiten dituzten kohete jaurtiketak --atzo bi gertatu ziren- gelditu behar direla nabarmendu du, eta Israelek, aldiz, «legez kanpoko» kokagune juduak -nazioarteko legeriaren arabera, denak dira legez kanpokoak- desegin behar dituela gaineratu du. Auzi honi dagokionez, baina, Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek ziurtatu du Tel Avivek bete egingo dituela hartutako konpromisoak.
BusH-en BIDaIa
Jerusalemen hasi eta Kairon amaitu
Jerusalem eta Ramala. Urtarrilaren 9tik 11ra. Israelgo agintariekin bilduko da, ez, ordea Israelgo hiriburu Tel Aviven, Jerusalemen baizik: Shimon Peres presidentea, Ehud Olmert lehen ministroa eta Tzipi Livni Atzerri ministroa. Urtarrilaren 11an Ramalan Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin bilduko da.Kuwait. Urtarrilaren 11an, baita ere.
Irak-Bahrain. Urtarrilaren 12an bisita egingo du bi herrialde hauetara.
Arabiar Emirerri Batuak. Urtarrilaren 13an izango da Abu Dhabin.
Dubai. Urtarrilaren 14an.
Saudi Arabia. Urtarrilaren 15ean, Riadeko agintariak izango ditu solaskide.
Egipto. Urtarrilaren 16an, Kairon amaituko du Ekialde Hurbileko herrialdeetan zehar zortzi eguneko bisitaldia.