Hassan Jusef Hamas erakundeko sortzaileetako bat askatu dute, sei urtez preso izan ostean.Zigorra beteta zuten 200 preso askatu ditu orotara Israelek. Kadura Fades Preso Palestinarren Elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, presoek duela hainbat hilabete bete zuten zigorra, baina euren askatasuna atzeratuz joan da Israel. Behin muga zeharkatuta, kartzeletan bizi duten egoera salatu du Jusef berak: «Israelek apetaren arabera hartzen ditu presoak estutzeko neurriak».
Hamasek Zisjordanian zuen buruzagietako bat da Jusef. Nazioartean, hala ere, bere semearen ibilbideagatik izan du oihartzuna; Mosab Hassan Jusef Israelgo zerbitzu sekretuentzat aritu zen lanean hamar urtez, eta egun erbesteratuta bizi da AEBetan. Hamasen semea liburu biografikoa idatzi du han.
Preso palestinarraz gain, beste 550 preso arrunt ere askatu ditu Israelek. Sivan Weizman presondegien zerbitzuko bozeramaileak ukatu egin du neurria musulmanen hilabete sakratuaren harira hartu izana, eta zehaztu du zigorra beteta izatea izan dela aske jartzeko arrazoi bakarra. Israelek guztira 7.000 palestinar ditu preso 25 kartzelatan. Al Fatako 180 kide daude aske jarritakoen artean.
Okupazioarekin aurrera
Zisjordanian beste 930 etxe eraikitzeko egitasmoa onartu du Israelek; Betleemdik gertu dagoen kolonia batean eraikiko dituzte etxebizitzak; Har Homan.
Gazan, berriz, bestelakoa da egoera. Israelek hiru eremu bonbardatu zituen han asteazkenetik ostegunerako gauean. Ekintzaile palestinarrek ustez bezperan botatako bonben «erantzuna» izan da bonbardaketa. Israelera eskuz egindako bi bonba jaurti dituzte hegoaldera eta «zibilen eta soldaduen kontrako erasorik» ez dutela onartuko argudiatuta bonbardaketak egin ditu Israelek. Gazako «iparraldeko bi gune terroristari» eta «hegoaldeko kontrabandoko tunel bat» izan dira erasoen jomuga. Ez du zehaztu pertsonarik hil ote den.
Israelek 200 palestinar askatu ditu, Hamaseko sortzaileetako bat tartean
Zisjordanian 930 etxe eraikitzeko plana onartu du Israelek; Gazan bonbardaketak egin ditu hiru eremutan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu