Gazaren aurkako erasoaldia

Israelek 45 milioi euro inguru gastatu ditu egunean Gazako erasoaldia hasiz geroztik

Hamasek "Israelen hemezortzi informatzaile" hil ditu. Azken 24 orduetan 38 palestinar hil ditu Israelek, eta Israelgo 4 urteko ume bat Hamasek. Tel Avivek baztertu egin du negoziazio mahaira itzultzea.

Palestinarrak bonbardaketetan hondatutako etxe baten aurrean, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
2014ko abuztuaren 22a
15:16
Entzun

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak lanean jarraitzen du bi aldeek onartuko duten su-eten proposamen bat osatzeko, baina, bitartean, Israelek beste lau pertsona hil ditu Gazan. Horiekin, 38 dira azken 24 orduetan hildakoak. Hamas, ordea, ez da besoak gurutzatuta geratu, eta, haren gertuko iturrien arabera, "Israelen hemezortzi informatzaile" exekutatu ditu. Horrez gain, Israelgo lau urteko ume bat hil dute, Gazatik jaurtitako suziri batek jota.

Duela sei aste hasi zuen erasoaldia Israelek, "terroristen" tunelak suntsitzeko aitzakian, eta hiru gazte juduen bahiketa eta hilketa mendekatzeko —Hamaseko erbesteko kide batek bere gain hartu zuen bahiketa herenegun—. Geroztik 20.000 tona misil jaurti ditu Gazara, eta 2.000 pertsonatik gora hil, gehienak zibilak. Zaurituak, berriz, 10.000 baino gehiago dira, eta etxerik gabe geratu direnak, milaka.

Dirutan, azken urteetako erasoaldi garestiena da Israelena. Hesi Babesgarria operazioa hasi zenetik, 60 milioi dolar —45 milioi euro inguru— gastatu ditu Israelek egunero, Haaretz Israelgo egunkariak jakinarazi duenez. Uztailaren 8an hasi zen erasoaldia, eta 41 egunean 2.500 milioi dolarretik gora —1.900 milioi euro inguru— gastatu ditu Israelek.

Tel Aviv "harro" dago, ordea, lortutakoaz. Benjamin Netanyahu lehen ministroak "txalotu" egiin zuen atzo armada, Hamaseko hiru goi buruzagi hil zituelako. Ez zituen aipatu Mohammed Deif lider islamistaren aurkako erasoaldian hildako haren emazte eta bi seme-alabak.

Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek dagoeneko ohartarazi dute Gaza berreraikitzea ezinezkoa izango dela baldin eta Israelek blokeoa behin betiko amaitzen ez badu. Israelek, baina, ez du halakorik egiteko inolako asmorik. Erasoaldia hasiz geroztik, une bakanetan eta ordu gutxi batzuetan zabaldu du Rafah-eko pasabidea bera, eta soilik "oso larri" zeuden zaurituak ateratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.