Israelgo Gobernuak 450 palestinar preso askatzeko erabakia hartu du gaur. Laster Ameriketako Estatu Batuetan bake konferentzia egingo dute -Annapolisen-, AEBek bultzatuta, eta Palestinako Aginte Nazionalari (PAN) egindako keinutzat jo dute gaurkoa.
Gobernuaren ministro denek egin dute erabakiaren alde, bik izan ezik: Shas alderdi erlijioso ultraortodoxokoak eta Yisrael Beitenu eskuin muturreko alderdikoak.
Lehengo astean PANek presoen zerrenda bat pasatu zizkion Israeli, horiek libre uzteko. Zerrendan, batez ere, gaixo dauden presoak eta adindunak sartu dituztela azaldu zuten. Datu ofizialen arabera, 11 mila palestinar baino gehiago dituzte preso hartuta Israelgo kartzelatan. Gehienak azken zazpi urte hauetan atxilotutakoak dira -2000ko iraileko Intifadatik-.
Bake konferentzia dela-eta, Al Fatak itxaropen handia duela gogorarazi zuen aurreko astean Mahmud Abbass PANeko presidenteak: "Gogor ari gara lanean, gure herriaren konponbidea eta eskubideen bermea ekar dezakeen benetako mugarria izateko". Konferentzian helburu nagusietan ez dutela amore emango zioen. "Palestinako herriak inoiz baino argiago du independentzia lortuko duela, eragozpen eta zailtasun guztien gainetik".
Mundua
Israelek 450 palestinar preso askatuko ditu
Palestinako Aginte Nazionalak lehengo astean zerrenda bat pasatu zion. Gaur egun 11 mila preso palestinar daude Israelen. Laster Ameriketako Estatu Batuetan bake konferentzia egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu