Israelek 91 palestinarren gorpuak senideen esku utzi ditu

Tel Avivek «borondate oneko keinua» egin du, aurrebaldintzarik gabe bake negoziazioei berriz heltzeko

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Orain arte zenbakiak izan dira Israelgo hilerri batean: 91, ehunkaren artean, baina atzotik izen-abizenak berreskuratu dituzte, eta senideek lurperatu ahal izan dituzte. Laurogei palestinar Zisjordaniako Ramallahen ehortzi dituzte, eta beste hamaikak, Gazan. 1967tik gatazkan hil diren «terroristak» dira Israelentzat. Palestinarrek, ordea, herrialdearen alde bizia eman duten martiriak, eta militarren ohore guztiekin egin diete ongietorria Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Zisjordanian, eta Hamas mugimenduko hainbat buruzagik Gazan. Gorpuetako hamazazpi hobi bakar batean sartu dituzte Ramallahen, ezin izan dituztelako identifikatu.

Gorpuzkietako batzuk urteak egon dira Israelgo hilerri militar batean, eta, horregatik, egun garrantzitsua da palestinarrentzat, «egun nazionala» da Isa Qaqerentzat, Presoen ministro palestinarrarentzat: «Martirien gorpu hauek etxera ekartzea urrats bat da zenbakien hilerritik denak etxeratzeko». 200 baino gehiago dira oraindik Israelen esku dauden palestinarren gorpuak.

Gorpuak senideen esku uztea izan da gose greban izandako presoen akordioaren puntuetako bat. Israelek «bake iraunkorra» nahi duelako egin du «borondate oneko keinua», Benjamin Netanyahu lehen ministroaren arabera, palestinarrekin 2010etik etenda dauzkaten bake negoziazioei berriz ere heltzeko. Aurrebaldintzarik ezarri gabe nahi du, ordea, eta hori orain arte ezinezkoa izan da, israeldarrek Zisjordanian duten kolonien politika bertan behera uzten ez duten bitartean. PAEPalestina Askatzeko Erakundeak behin eta berriz eskatu dio Israeli kolonia gehiago eraikitzeari uzteko lehenbailehen, eta hitz egitera eseri aurretiko bileren porrota hortik etorri zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.