Ekialdeko Jerusalemgo Siluan auzo arabiarrean erruz atxilotzen dituzte gaztetxo palestinarrak, sarritan harriak botatzeagatik. B'Tselem giza eskubideen aldeko erakundeak salatu duenez, urtebetean 81 adingabe atxilotu dituzte, tartean 12 urte baino gutxiagoko lau mutiko. Hilabete bakar batean, berriz, 32 gaztetxo ere atxilotu dituzte. Samer Sarhaniragan irailaren 22an hil zuten koloniako segurtasun guardiek, eta, orduz geroztik, urriaren 31 bitartean, 32 adingabe atxilotu dituzte auzoan. Atxilotu, galdekatu eta kartzelatu egiten dituzte adingabeok inongo bermerik gabe. Koloniak eraikitzeko lanen kontrako protestetan atzematen dituzte gazteak, eta kolonien politikak berak nazioarteko zuzenbidea urratzen duela salatu du erakundeak.
Hori ez da, baina, salaketa bakarra. Israelen aurten demokraziaren urraketa sendotu egin dela jakinarazi du ACRI Israelgo Eskubide Zibilen Elkarteak. Gobernuaren kontra protesta egitea «gero eta zailagoa, arriskutsuagoa eta garestiagoa» dela eta askatasunak murriztu direla adierazi du erakundeko presidente Sami Michaelek: «Israelgo Gobernuak bere herria bazterrera utzi du».
AEB Ameriketako Estatu Batuak, bien bitartean, bake prozesua sustatzeko beste ahalegin bat egiten ari dira. George Mitchell ordezkaria aldeekin elkartzekoa zen bart, duela hiru hilabete etenda gelditu ziren negoziazioak sustatze aldera. Israelek koloniak eraikitzeko politikari eustea eragin du, beste behin, prozesua kolokan egoteak, eta, hala ere, Hillary Clintonek «auzi giltzarriei» aurre egiteko eskatu die aldeei. AEBetako Estatu idazkariak, baina, ez du ukatu koloniena auzi horien artean egotea. Benjamin Netanyahurentzat, berriz, bestelakoak dira auzi giltzarri horiek. AEBek koloniak eraikitzeari uzteko presioa egiteari uztea txalotu egin baitu lehen ministroak. Haren ustez, bada garaia «bakea atzeratzen duten benetako auziei heltzeko». PAN Palestinako Aginte Nazionalarentzat, ezinbestekoa da politika hori uztea negoziatzeko.
Israelek adingabe palestinarrak erruz atxilotzen dituela salatu du B'Tselemek
George Mitchell AEBetako ordezkaria bart zen aldeekin elkartzekoa bake prozesua sustatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu