Palestinaren eskaera NBE-n

Israelek alerta egoera piztu du biharko eskaeraren aurrean

AEBek eskaera betatu egingo dutela jakinarazi dio Obamak Abbasi. Gaur gauean bilduta izan dira bi agintariak, eta AEBetako presidentea eskaera atzera bota dezaten saiatu da.

2011ko irailaren 22a
16:15
Entzun

Israelek alerta egoera piztu du Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak bihar Nazio Batuen Erakundeak kide oso moduan onar ditzaten egingo duen eskaeraren aurrean. Ezeren beldur ez direla baina "eszenatoki desberdinetarako" prest daudela azaldu dute segurtasun zerbitzuek.

Alerta egoerak hiru astez iraungo du, juduen urte berriaren ospakizunak hastear baitira. 9.000 polizia eta milaka boluntario mobilizatu ditu Israelek "gune arriskutsuenetara", batez ere Zisjordanian.

Zenbait iturriren arabera, Abbasek samurtu egingo du bihar estatu independente moduan kide oso bezala onar dezaten egingo duen eskaera, eta Segurtasun Kontseiluari sine die emango dio erabaki bat hartzeko epea. Horrek, ordea, ez du israeldarren jarrera aldatu, bihar lurralde okupatuetan istiluak egon daitezkelakoan.

Barack Obama AEBetako presidenteak Mahmud Abbasi Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteari baieztatu dionez, AEBek betatu egingo dute Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan Palestinak estatua onartu diezaioten aurkeztu duen eskaera.

Gaur gauean bildu dira Obama eta Abbas New Yorken, palestinarrek eskaera atzera bota dezaten AEBek egin duten azken ahaleginean. Egun hauetan batzar orokorrea ari da egiten NBE, eta lehenik hor bozkatuko dute eskaera. Aurrera egiteko aukera asko ditu hor. Gero, ordea, Segurtasun Kontseilura pasako litzateke, eta hor beto eskubidea du AEBek.

Abbasekin bildu aurretik Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu da Obama. Palestinak eskaera atzera bota, eta palestinar eta israeldarren arteko negoziazioetan egoera bideratzea nahi dute. Negozioazio horiek orain dela ia urtebete eten ziren, Israelek ez zuelako nahi izan Zisjordanian koloniak eraikitzeko moratoria luzatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.